Beste bide bat ireki da Laminaciones Arregui enpresako lan gatazka konpontzeko. Espainiako Auzitegi Nazionalak enpresaren bigarren erregulazio eskaera atzera bota ondoren, bitartekaritza prozesu baterako prest dagoela jakinarazi die zuzendaritzak langileen ordezkariei. Gaur, bitartekaritza horretan parte hartzea ontzat jo dutela jakinarazi dute langileek, Gasteizen egindako agerraldian. Hori bai, bitartekaritza horrek arrakasta izan dezan, zintzilik dauden auzi batzuk konpontzeko aldez aurreko elkarrizketak antolatzea beharrezkotzat jo dute.
Batez ere, gatazkaren joanean izan diren kaleratzeei konponbidea eman behar zaiela uste du Laminaciones Arreguiko batzordeak. Enpresa batzordeko hiru kide eta LAB sindikatuko delegatu bat kaleratu ditu enpresak. Era berean, 174 langile kaleratzeko erregulazio eskaeraren helegitea bertan behera uzteko eskatu diote enpresari. EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak dosier hori baliogabetu zuen, baina zuzendaritzak helegitea jarri zuen Espainiako Auzitegi Gorenean, eta behin betiko epaiaren zain dago. Ebazpen hori iritsi baino lehen langileen egoera konpontzea posible eta onuragarria dela uste du batzordeak.
Kaleratzeetatik aparte, prozesu honen bidez beste bi kontu argitu beharko dira, sindikatuen ustez. Batetik, beste hitzarmen kolektibo bat onartu beharko litzateke. Bestetik, enpresaren etorkizuna bermatuko duen plangintza bat adostu beharko litzateke. Laminaciones Arreguiko jabeak, Celsa Atlantic taldeak, Arabako bi lantegiak ixteko borondatea adierazi izan du, errentagarriak ez direla argudiatuta. Azken hilabeteotako gertakariak ikusita, Nando Anguiano Laminacioneseko batzordeko presidenteak uste du lantegien bideragarritasuna ez dagoela arriskuan.