Finantzak

Bitcoinaren erorialdiak ez du etenik

Finantza produktu horren balioak bost egun jarraian daramatza behera egiten: ia %42 jausi da apiriletik. Kriptodibisen arriskuez ohartarazi dute banku zentralek.

Bitcoinak erosteko bulego bat AEBetan. JUSTIN LANE (EFE)
jokin sagarzazu
2021eko maiatzaren 19a
19:43
Entzun

Egun zailak bizi ditu bitcoinak, munduan gehien erabiltzen den kritomonetak; finantza produktu horren balioak bost egun jarraian daramatza behera egiten. Asteazken honetan, %13 erori da, eta ia %42 jausi da apiriletik. 37.800 dolarrean (30.932 euroan) dago haren balioa. Antzeko jokaera izan dute gainerako kriptodibisek. Txinako eta Europako banku zentralen adierazpenek eragin zuzena izan dute erorikoan.

Sua piztu, baina, Elon Musk Teslaren sortzaileak piztu zuen, aurreko astean. Kriptomoentekin ordainketak egiteari utziko ziola iragarri zuen eta finantza aktibo gisa gainbaloratuak zeudela adierazi zuen.

Horri, orain, Txinako Banku Popularraren oharrak gehitu behar zaizkio. Gogoratu du herrialdean debekatuta daudela kriptomoneten erabilera eta horrekin loturiko zerbitzu guztiak. 2013an ezarri zuen debeku hori Txinak, baina, halere, kriptodibisen merkatu nagusia da mundu osoan. Han mugitzen dira kriptomoneten %65 inguru. Analisten arabera, gobernuaren ohartarazpenak kezka eta izua eragin du inbertsiogileetan.

Europako Banku Zentralak ere bidali du abisua. Maiatzeko finantza egonkortasunari buruzko txostenean gogorarazi duenez, bitcoina osoa aktibo arriskutsua da oso espekulatiboa delako, eta kontu handiz erabili behar da. Joe Biden AEBetako presidente berriak iragarritako zerga erreformak ere uxatu omen ditu inbertsiogileak.

Espekulazioaren menpe

Era horretako adierazpen eta erabakiek eragin handia dute kriptobidisen merkatuan. Kriptomoentak oraindik oso gutxi erabiltzen dira diru arruntaren gisa: inbertsiorako erabiltzen dira, nagusiki. Munduan gehien kapitalizatzen duen zazpigarren aktiboa da gaur egun. Baina oso ezegonkorra da, salerosleen araberakoa baita bere balioa.

Kopuru mugatu bat dute. Bitcoinaren kasuan, adibidez, algoritmo batek erabakita, 21 milioi bitcoin izan daitezke gehienez zirkulazioan. Beraz, erosle gehiago, balio handiagoa; erosle gutxiago, balio txikiagoa. Bere funtzionamenduagatik oso espekulatiboa da, eta hori arautzeko beharra ikusten dute banku zentralek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.