Lan osasuna

"Bizia lehenesteko" eskatu dute sindikatuek Zaldibarko zabortegian

Langileak «pertsonak» direla ahazten ari dela salatu dute, Joaquin Beltran eta Alberto Sololuze desagertutako zabortegian.

Zaldibarko abortegian egindako protesta, gaur. MARISOL RAMIREZ / FOKU
xabier martin
2020ko apirilaren 28a
19:29
Entzun

Joaquin Beltran eta Alberto Sololuze otsailaren 6an desagertu ziren Zaldibarko zabortegian (Bizkaia), eta samina eragiten duen leku horretan elkartu dira gaur sindikatu gehienak, ELA eta LAB buru direla; Lan Osasunaren Nazioarteko Egunarekin batera, «langileak lehenetsi» beharra helarazi dute. COVID-19aren pandemia lan jarduera baldintzatzen ari den honetan, sindikatuek adierazi dute «langileen bizia» ezin dela arriskuan jarri «enpresen eta gobernuen interesen arabera». Deitzaileek, ELA, LAB, ESK, Steilas, Hiru eta Etxaldek, gogoratu dute «enpresak dirua irabazteko tresnak» baizik ez direla; «sarritan langileak pertsonak direla ahazten dute».

ELAko Gernika eta Durango eskualdetako arduradun Arrate Elkorok esan du enpresak ahaztu egin zuela langileak pertsonak direla Zaldibarko hondamendia gertatu zenean; «eta horrela gertatzen ari da koronabirusaren krisian, milaka langile behartu dituztelako beharrera joatera babes neurri egokirik gabe, haien osasuna arriskuan jarrita, eta bizia ere bai».

Erkorekak administrazioari eskatu dio Lan Ikuskaritza indartzeko, eta kopuru jakin bat hartu du ahotan helburu hori lortzeko: ehun ikuskatzaile gehiago langileen osasuna bermatu dadin enpresetan. «Horrelako neurri zehatzak hartzen ez diren bitartean, pentsatu beharko dugu gure agintariek enpresaburuen aginduetara jarraitzen dutela».

Lan osasuna bermatu, bizitza defendatu lelopean egin dute elkarretaratzea. ELAren eta LABen arabera 2020an Euskal Herrian hildako 29 langileak gogoratu dituzte, eta, horiekin batera, zabortegian galdutako beste biak ere bai. LABeko Lan Osasuneko arduradun Lurdes Erasok azaldu du lan osasuna «okerrera» egin eta egin ari dela, «azken asteotako gertaerak lekuko». Koronabirusarekin kutsatu ondoren lau langile zendu direla gogoratu du Erasok.

«Horrek argi utzi du patronalak eta erakundeek interes ekonomikoak lehenesten dituztela langileen osasunaren gainetik». Erantsi du lan gaixotasunek ere gora egin dutela nabarmen. «Langileak abandonatuta sentitzen gara; langileak bakarrik utzi gaituzte», esan du LABeko kideak, eta gaineratu du pandemia egoeran langileak «gaixotzera» bidali dituztela lanera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.