Lan eskubideak

Bizikletako banatzaileak sartu dira EAEko ostalaritzaren esparru akordioan

Sektoreko itunetan arautuko dira ostalaritzako banatzaileen lan baldintzak. ELAk, LABek eta Euskadiko Ostalaritza Federazioak eta Confebaskek sinatu dute akordioa.

Just Eat plataforma digitaleko banatzaile bat, Donostian. GORKA RUBIO / FOKU
Irune Lasa.
2021eko ekainaren 28a
13:55
Entzun

Autonomo gisa aritzetik soldatapeko izatera pasatu dira Glovo, Deliveroo eta antzeko plataforma digitaletako banatzaileak, lehendabizi epaitegiek autonomo faltsuak zirela ebatzi, eta gero Espainiako Gobernuak sektorea arautu ostean. Eta horrekin guztiarekin, haien lan baldintzen negoziaziorako esparrua ere aldatu egingo da.

Bide horretan urrats bat egin dute gaur sindikatuek eta patronalek, zehazki ostalaritzan jarduten duten Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako banatzaileentzat. ELAk, LABek eta Euskadiko Ostalaritza Federazioak eta Confebaskek adostu dute hiru lurraldeetako esparru akordioa moldatzea; eta, horren ondorioz, alor horretako banatzaileen lan baldintzak lurralde bakoitzeko mahai sektorialetan negoziatuko dira.

Horrek esan nahi du, besteak beste, ostalaritzako banatzaileei ez zaiela aplikatuko Bizkaiko supermerkatuetako etxez etxeko banatzaileen hitzarmena edo estatuko mezularitza hitzarmena.

Ostalaritzako esparru akordioan ordezkaritzaren gehiengo zabala dute ELAk (%49,6) eta LABek (%27,6). Eta bi sindikatuek jada azaldu dituzte ostalaritzako negoziazio mahaietan Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, establezimenduetako banatzaileentzat egingo dituzten eskakizun nagusiak.

ELAk Riders kategoria sartu nahi du hitzarmenetan; kolektibo horrentzako soldatak arautzea ere bilatuko ditu, eta langile talde horren gutxieneko soldatak hilean 1.200 eurokoak izatea bultzatu.

Subrogaziorako eskubidea ere eskatuko du «dagokion kasuetan». Gainerakoan, bizikletako banatzaileentzat ostalaritzako itunetako beste baldintzen aplikazioa eskatuko du.

LABek ere negoziazio puntu nagusiak jada ezarrita ditu herrialde bakoitzeko ostalaritzako mahaietarako. Sindikatuak nahi du bizikletako banatzaileak hirugarren kategorian txertatzea. Horrela, LABen kalkuluen eta, betiere, herrialdearen arabera, lanaldi osoko urteko soldata 18.700 eta 21.500 euroan egongo litzateke, eta urteko lanaldia 1.723 eta 1.750 orduen artean.

Horrekin batera, bizikletako banatzaileen lan espezifikoari erantzungo dion erregulazioa nahi du LABek, «langile horien babesa handitzeko». Ostalaritzako banatzaileak subrogazio eskubidera gehitzea ere eskatuko du sindikatuak.

LABen eskakizunak berberak dira Nafarroako ostalaritzako bizikletako banatzaileentzat, eta sindikatua horiek aldarrikatzeko kanpaina egiten da Riders por Derechos plataformako langileekin batera. Nafarroan oraindik ez da iritsi sektoreko mahaietarako jauzirik. Baina UGTk jada agertu du nahi dituela plataforma digitaletako banatzaileak lan hitzarmenetara batu. Lurralde horretako ostalaritzan UGT sindikatuak du ordezkaritzarik handiena (%42,3).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.