Bizkaiak 21 milioi euroko zerga iruzurra aurkitu du txanpon makinen sektorean

85 enpresa eta 42 pertsona izan dira iruzurgileak, eta Foru Aldundiari ordaindu diote zor zuten dirua

Erredakzioa
Bilbo
2012ko irailaren 12a
00:00
Entzun
Bizkaiko txanpon makinen sektorean iruzur handia eta oso zabaldua aurkitu du Ogasun eta Finantza Departamentuak. 21 milioi euro 2005 urtetik 2010era, biak barne. Departamentuak esan du iruzurgileen egoera arautu duela, hau da, lehen ordaindu ez zuten dirua orain ordaindu dutela. Ez du zehaztu isunik jarri dien edo ez. Sozietate zergan eta pertsona fisikoen errentaren gaineko zergan (PFEZ) aurkitu dute iruzurra.

Ikerketa 2010. urtearen amaieran hasi zuten. Bizkaiko Foru Aldundiko Ikuskaritzak txanpon makinen sektoreari buruzko informazioa eskatu zion Eusko Jaurlaritzako Joko eta Ikuskizunen Zuzendaritzari. Ertzaintzak 2005 eta 2010 artean Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako txanpon makinei egindako akta guztien kopiak lortu zituzten.

Informazio hori guztia Ikuskaritzako sistema informatikoetako datuei gehitu zieten, alderatu egin zituzten, aztertu eta balizko iruzurgileen zerrenda lortu zuten. Zerrenda luzea —85 enpresa eta 42 pertsona— eta iruzur handia —21 milioi euro—.

Ogasun eta Finantza Departamentuak urtebetean hainbat bilera egin ditu iruzurgileen ordezkariekin, egoera arautzeko. Departamentuak dio amaitu duela txanpon makinen sektore «gehiena» erregularizatzeko prozesua.

«Lan handia eta jarraitua»

Bizkaiko Foru Aldundiak nabarmendu du txanpon makinei buruzko ikerketak erakusten duela erakundea «lan handia eta jarraitua» egiten ari dela zerga iruzurraren kontra. Gehitu du Bizkaiko zergadunen 49 milioi datu baino gehiago partekatu dituela beste administrazio batzuekin. Izan ere, Eusko Jaurlaritzak gogor kritikatu izan du Bizkaiko Foru Aldundia, zerga ordaintzaileei buruzko informazioa ez ematea leporatu dio.

Bizkaiko Foru Aldundiak 560 milioi euroko zerga iruzurra azaleratu zuen iaz, Gizarte Ekintza Departamentuaren aurrekontuaren pareko kopurua, iaz zergen bidez bildutako diruaren %9, 2009an atzemandako zerga iruzurraren bikoitza.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.