Bizkaiak 430 milioi euro itzuliko dizkie herritarrei errenta kanpainan

Batez beste 118 euro gutxiago itzuliko ditu, zerga kenkariak txikitu direlako eta errenta handienei tasa handiagoak ezarri dizkietelako

Jose Maria Iruarrizaga Ogasun diputatua, joan den astean, Bizkaiko Batzar Nagusietan. MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS.
Miren Garate.
2015eko apirilaren 2a
00:00
Entzun
Bizkaiko Batzar Nagusiek onartutako zerga erreformaz geroztik, lehen errenta kanpaina da 2014koa. Neurri sorta berriaren eraginez, batez beste 118 euro gutxiago itzuliko dizkio Ogasunak zergapekoari. 2013ko kanpainan 1.078 euro itzuli zituen batez beste, eta aurtengoan 960 euro. Jose Mari Iruarrizaga Ogasun diputatuak atzo nabarmendu zuen batez bestekoa dela kopurua, eta gutxiago itzultzearen arrazoietako bat dela errenta handienak dituztenei —92.310 eurotik gorako irabaziak— zergak igo izana eta kenkari batzuk kendu izana. Lehen %46 zen tipo maximoa, eta orain %49.

Orotara, 430 milioi itzuliko ditu Ogasunak, eta 200 milioi bilduko. 590.000 lagunek egingo dute aitorpena, eta lautik hiruk berreskuratuko dute dirua. Aldiz, 142.000 zergadunek ordaindu egin beharko dute, 1.410 euro batez beste. 20.000 eurotik gorako laneko errentak dituztenek edota 1.600 eurotik gorako kapitalaren etekin gordinak eta ondare irabaziak dituztenek dute aitorpena egiteko obligazioa.

Maiatzaren 4an irekiko da errenta aitorpena Bizkaiko Ogasunaren bulegoetan edo sei finantza erakundetan (Kutxabank, Laboral Kutxa, Caixabank, BBVA, Santander eta Sabadell) egiteko aukera. Edonola ere, ordurako aitorpena eginda izango dute zergapeko askok. Aldundia iragan ostiralean hasi zen 350.000 etxeetara aitorpen proposamena bidaltzen, eta gehienek baiezkoa ematea espero du: dirua jaso behar dutenek ez dute ezer egin beharko, eta maiatzeko lehen astean hasiko dira dirua jasotzen; ordaindu behar dutenek, berriz, ekainaren 30a baino lehen eman beharko diote baiezkoa Ogasunari, Internet bidez, telefonoz edo SMS baten bidez.

Ondarea, 6.700 lagunek

Errenta aitorpenez gain, ondarearen gaineko 6.700 aitorpen jasotzea aurreikusten du Ogasunak, eta 84 milioi euro biltzea. Internet bidez soilik egin ahal izango dira, aldundiak emango dien errenta gako baten bidez. Bi milioi eurotik gorako ondarea dutenek derrigor egin beharko dute.

Hegoaldeko beste lurraldeetan ere abian da kanpaina. Araba dagoeneko hasi da dirua itzultzen likidazio proposamena onartu dutenei, eta bi aste barru egingo dute Gipuzkoak eta Nafarroak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.