Bizkaiko Foru Aldundiak onartu behar izan du ez duela jaso 1990eko hamarkadan enpresei opor fiskalen bidez emandako laguntza guztia. Orain, egunetik egunera gizentzen ari den isunaren mehatxupean, enpresak diru guztia bueltatzera behartuko ditu, «badaezpada». 26 enpresak 65 milioi euro bueltatu beharko dituzte. 2007an 135 milioi euro itzuli zituzten.
Arabako eta Gipuzkoako foru aldundiek 500 milioi euro berreskuratu behar dituzte, Bizkaikoak emandako datuen arabera. Haiek ere, Bizkaikoak bezala, enpresei laguntza guztiak itzularazi dizkietela esan dute. Bizkaikoaren jarrera aldaketa ikusita, Gipuzkoako Foru Aldundiak esan du gaia aztertzen ari dela; Arabakoak, berriz, aurreko gobernuaren erabakiak babestu ditu, eta diru guztia berreskuratu dutela nabarmendu du.
Europako Batzordeak legez kanpokotzat jo zituen Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundiek 1990eko hamarkadan enpresei zerga kenkarien bidez emandako hainbat laguntza. Europako Batasuneko Justizia Auzitegiak berretsi egin du laguntza horiek legez kanpokoak izan zirela. Opor fiskalen kontrako sententzia eman zuen ekainean, eta opor fiskal txikien kontrakoa uztailean.
Europako Batzordeak auzitegiari eskatu zion isuna jar diezaiela foru aldundiei —berez, Espainiari—, Europak behin eta berriro eskatu zien arren, laguntzen dirua ez berreskuratzeagatik. Europako Justizia Auzitegiaren epaia falta da. Isunaren mamua elur pilota izugarria bihurtzen ari da: 50 milioi euro ingurukoa, oraingoz. 236.000 euro gizentzen ari da egunero, laguntzen diru guztia berreskuratu arte.
Prozesu guztian zehar foru aldundiek behin eta berriro nabarmendu dute enpresek bueltatu dituztela 1990eko hamarkadan jasotako laguntzak. Juan Maria Aburto Bizkaiko Foru Aldundiko bozeramaileak atzo onartu zuen erakundeak egoki iruditu zitzaiona berreskuratu zuela, ez guztia, Europako irizpideak eta araudiak «interpretatu» eta gero. Aburtoren esanetan, 2007tik jakinarazi zieten Europako agintariei zein irizpidetan oinarrituta berreskuratu zuten dirua. Baina, irizpideak jakinda ere, Europak laguntzen diru guztia bueltatzeko eskatzen jarraitu zuen. Eta foru aldundiek, tematuta, diru guztia berreskuratu zutela erantzuten.
Aburtok dirua nola berreskuratu duten zehaztu zuen, adibide baten bitartez: «Berez, laguntzak gehienez 100.000 euro artekoak izan bazitezkeen eta enpresa batek 120.000 euro jaso bazituen, aldea itzultzeko eskatu genion: 20.000 euro. Baina Europako Batzordeak guztia bueltatzeko eskatu du».
Errua, Almuniarena
Bizkaiko Foru Aldundiak enpresen dirua sententziaren aurretik berreskuratu nahi du, sententzia kontrakoa bada, «enpresei eta herritarrei ahalik eta kalte txikiena egiteko». «Ez dugu nahi herritarrek milioi askotako isuna ordaindu behar izatea», Aburtoren iritziz. Bizkaiko Foru Aldundiko bozeramaileak irizpideak aldatzea leporatu dio Joaquin Almuniak Europako Batzordeko lehendakariorde eta Lehiarako komisarioari. Sententzia foru aldundien aldekoa bada, orain ordaindutako dirua bueltatuko diete enpresei.
ELAk ez dauka zalantzarik. Enpresek opor fiskalen diru guztia bueltatu behar dute, eta Europak isunen bat ezarriz gero, enpresek ordaindu behar dute, sozietate zergan aldi baterako emendatze bat ezarriz.
Idoia Mendia Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak egia esateko eta erantzukizunakhartzeko eskatu die foru aldundiei.
Bizkaiak «badaezpada» eskatu die opor fiskalen diru guztia enpresei
Foru Aldundiak diru guztia berreskuratu duela esan izan du, baina orain 65 milioi itzultzeko eskatu die 26 enpresariAraba eta Gipuzkoako aldundiek ez dituzte berreskuratu laguntzen 500 milioi euro
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu