Alderdi politiko guztiek nabarmendu arren Bizkaian katastroa berritu beharra, foru gobernua osatzen duten bi alderdien babesarekin atera da aurrera foru araua, EAJren eta PSEren botoekin, eta beste alderdi batzuen unean uneko babesarekin arauaren artikulu bakoitzaren arabera. 75 zuzenketa aurkeztu dituzte EH Bilduk, Ahal Duguk eta PPk, baina gehienak atzera bota dituzte —OHZri buruzkoak ziren 36, eta katastroari buruzkoak 39— . Lau hamarkadatan lehen aldiz eguneratuko dituzte lurraldeko etxebizitzen eta ondasun higiezinen balio katastralak, eta 2017rako OHZ Ondasun Higiezinen gaineko Zerga moldatu egingo dute, katastro berrira egokitzeko.
Izan ere, lau hamarkada eta gero, higiezinen balio gaurkotua batez beste laukoiztu egingo dela uste du Bizkaiko Foru Aldundiak. Orain arte 16.630 milioi euroko balioa zeukaten lurraldeko 1,5 milioi hiri higiezinek, eta aurrerantzean laukoiztu egingo da haien balioa, 68.000 milioi euroraino. Hori dela eta, aldundiak proposatu du 2017tik aurrera OHZ gaur egungoa baino maila apalagokoa izatea.
Janiera Bijueska EAJko batzarkideak adierazi du aspalditik zegoela borondatea katastroa gaurkotzeko, baina ez dutela une egokirik topatu orain arte. Javier Ruiz PPko batzarkideak, berriz, salatu du katastroaren gaurkotzeak OHZn "igoera nabarmenak" ekarriko dituela, eta zuzenean eragingo diela herritarren poltsikoei. Etxe jabeek erreklamazio ugari jarriko dituztela uste du Ruizek. Arantxa Urkaregi EH Bilduko batzarkideak aitortu du "prozesu zaila" dela katastroa eguneratzea, eta adostasun bidez egin behar dela, debatea herritarrengana ere zabalduz. Asun Merinero Ahal Duguko batzarkideak, bestalde, nabarmendu du badaudela beste katastro eredu batzuk, eta tasazio agentzia publiko bat sortzeko aukera aipatu du adibide bezala.
Katastroaren kudeaketa
Diputazioen menpeko administrazio erregistro bat da katastroa, ondasun higiezinak unean-uneko merkatu prezioari jarraiki baloratzen dituena. Ondasunaren azalera, kokapena eta kalitatea hartzen dira kontuan. Udalerri batean dauden hiri edo landa ondasun higiezin guzti-guztiei —etxebizitzei, lur-sailei— eragiten die. Horren arabera zehazten dute udalek OHZren zenbatekoa. Ondasun horien jabeei edota onuradunei dagokie ordaintzea.
Berez, zortzi urtean behin eguneratzea dagokie diputazioei, katastro indizea merkatuko etxebizitzen benetako preziora hurbil dadin, baina oso gutxitan betetzen dute. Araban, 1988. urteaz geroztik bitan baino ez dute eguneratu: 2004an eta aurten. Bizkaian, ostera, 40 urte egin dute berrikusi gabe. Gipuzkoa da epeak zintzoen bete dituena, azkeneko eguneraketa 2001ean egin bazuen ere. Nafarroan gaurkotuta daukate katastroa, iaz onartu baitzuen arauaren azken moldaketa.