EAJk kosta ahala kosta eragotzi nahi du Aurrezki Kutxen Lege berria indarrean sartzea. Bizkaiko Foru Aldundiak erreformaren aurkako helegitea iragarri zuen atzo. Erabaki horrek, funtsean, moldaketaren tramitea geldituko du, arbitratze batzordeak arrazoia nork duen erabaki arte. Foru eskumenak urratzen dituela argudiatu du Bizkaiak helegitea justifikatzeko, eta BBK, Kutxa eta Vitalen arteko bateratzea arriskuan jartzea leporatu dio Eusko Jaurlaritzak.
Kutxak arautzen dituen legearen edukia adostu zuten PSE-EEk eta PPk orain dela hilabete batzuk. Besteak beste, erakunde publikoek duten ordezkaritza murriztuko du, eta gaur egun presentziarik ez duten administrazio batzuei — Legebiltzarra eta Batzar Nagusiak — sarbidea eman nahi die, erakunde fundatzaileek eta udalerriek orain arte zuten lekua gutxituta. Hasieratik gaur egun kutxen batzarretan duen nagusitasuna mugatzeko ahalegina dela salatu izan du EAJk.
Eusko Legebiltzarrera iritsi da dagoeneko erreforma, eta astelehenean Carlos Agirre Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun sailburuak aurkeztu zuen. Agerraldi horretan erakundeen ordezkaritza negoziatzea eta «erdibideko konponbidea» lortzea eskaini zien jeltzaleei Agirrek.
Atzo, ustekabean, helegitearen berri eman zuen Bizkaiko Foru Aldundiko gobernuak, EAJren esku. Lege proiektuaren 41. artikuluak Gernikako Estatutuaren 37. artikulua urratzen duela uste du Bizkaiak. Hain zuzen ere, lurralde historikoek batzarretan duten ordezkaritza Batzar Nagusiek finkatuko dutela dio artikulu horrek. «Eusko Legebiltzarrak ezin du erabaki zein foru erakundek izendatu behar dituen herrialdeko ordezkariak kutxetako batzarretan, ezta zein irizpide erabili behar dituen ere», Juan Mari Aburto aldundiko bozeramailearen hitzetan. Aldundiaren irudiko, Gernikako Estatutuak herrialdeko erakundeen antolakuntza, izaera eta funtzionamendua arautzeko eskumen «esklusiboa» ematen die.
Jaurlaritza, harrituta
Jose Luis Bilbaoren gobernuak hartu duen erabakiarekin harrituta geratu da Jaurlaritza. Legebiltzarrean bezperan egindako eztabaidan aipatu ez izana egotzi zien jeltzaleei. «EAJren organoen arteko koordinazio falta nabarmena uzten du agerian, edo, besterik gabe, fede txarra», Ekonomia eta Ogasun sailaren arabera.
Era berean, Bizkaiko Foru Aldundiak lege aurreproiektuari aurkeztu zizkien alegazioetan ez zela eskumen urraketa aipatu salatu zuen Agirre sailburuak. Orain ekimena lau hilabetez geldituko dela ohartarazi zuen, eta horrek kalte egingo dio bateratzeari. «EAJk, dotorezia gutxirekin, adostasun handiena lortu duen integrazioa trabatu nahi du».
Finantza sektorea. Berregituratzea
Bizkaiak kutxen legearen erreforma geldiaraziko du
Aldundiaren helegiteak «arriskuan jarriko du» BBK, Kutxa eta Vitalen arteko bateratzea, Jaurlaritzaren ustez
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu