Ekonomia

Bizkaian Altzairuaren Zentro Teknologikoa irekitzeko akordioa sinatu dute Jaurlaritzak eta Arcelor Mittalek

Ehun milioi euroko inbertsioa egingo dute datozen bost urteetarako. Enpresak 60 herrialdetan dauzkan egoitzetarako ikerketak egingo dituzte 45 langilek. "Zer garrantzitsua den altzairuan munduko liderra den enpresak herri txiki batengan konfiantza izatea", esan du Ibarretxek.

2008ko irailaren 4a
14:03
Entzun
Lehengo astelehenean Juan Jose Ibarretxe Eusko Jaurlaritzako lehendakariak Donostian iragarri bezala, gaur sinatu dute Jaurlaritzak eta Arcelor Mittal enpresak Altzairuaren Zentro Teknologikoa eraikitzeko akordioa. Bizkaian egongo da gunea -Zamudion, aipatzen denez-, eta urtea bukatzerako martxan nahiko lukete. Lehen bost urteetarako ehun milioi euroko inbertsioa egingo dute; parte bakoitzak erdia jarriko du.

Egitasmo hori "krisi ekonomikoaren aurkako neurria" dela dio Ibarretxek, eta hurrengo belaunaldientzako baliabidea ere bai. Arcelor Mittal altzairuaren arloan "munduko liderra" dela adierazi du gaur Jaurlaritzako lehendakariak, "eta zer garrantzitsua den halako enpresa batek herri txiki batengan konfiantza izatea". Proiektuak ikerketa, berrikuntza eta garapena bultzatzea du helburu.

Gaur, Ibarretxe ez ezik, Ana Agirre Industria sailburua ere egon da izenpetze agerraldian, baita Arcelor Mittaleko ordezkariak ere -Gonzalo Urkijo presidenteordeak sinatu du-.

Aipatutako enpresak 60 herrialdetan dauzka egoitzak -Euskal Herrian tartean-, eta horietarako ikerketak egingo dituzte Altzairuaren Zentro Teknologikoko kideek. 45 teknikari eta "kualifikazio handiko ikertzaileak" ariko dira horretan. Arcelor-Mittalek munduan 320.000 langile dauzka -Euskal Herrian 3.800-.

Ibarretxek, beste neurrien artean, enpresari berrientzako eta autonomoentzako laguntzak ere iragarri zituen astelehenean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.