Bizkaian gazteen enplegua sustatzeko, 60 milioi

Foru Aldundiak 2015 arte 8.000 postu sortzea espero du gazteen autoenplegua eta praktikak bultzatuz

Lander Muñagorri Garmendia.
Bilbo
2012ko apirilaren 21a
00:00
Entzun
Bizkaiaren ekonomian pisu handia duten enpresen ekoizpena mantsotzen ari da. Horrek argitaratu berri diren langabezia datuetan eragin zuzena izan du, Imanol Pradales Ekonomia Sustatzeko foru diputatuaren arabera. Eta, egoera horri aurre egiteko, Gazteen enplegurako foru plana 2012-2015 aurkeztu du Bizkaiko Aldundiak. «Krisiari aurre egiteko, hobe da ekonomia pizteko neurriak hartzea, murrizketen bidetik jarraitzea baino», Jose Luis Bilbao ahaldun nagusiaren esanetan.

Plan horrekin, aldundiak denetara 60 milioi euro jarriko ditu gazteen lanpostuak sustatzeko. Praktiketako kontratazioa eta ekintzaileen autoenplegua bultzatzeko erabiliko da diru kopuru hori, Bilbaok azaldu duenez. 35 milioi euro enplegua sustatzeko neurrietara bideratuko dute, eta gainerako 25 milioiak talentua bultzatzeko, eta gazte horiek ondoren bertan lanean geratzeko baliatuko dituzte. 2012an, denetara, 15,5 milioi euro inbertituko dituzte aurrekontu nagusietatik.

Neurri horiekin, legegintzaldia amaitzen denerako 8.000 gaztek lana eskuratzea espero du aldundiak. 2.500ek praktiketako kontratuen bidez lortzea espero du aldundiak, eta 4.000k autoenpleguaren bidea urratuz. Gainerako 1.500 gazteei lanerako gaitasunak hobetzeko baliabideak eskainiko zaizkie. 2012. urtea amaitzen denerako, «praktikaldiko 600 kontratu egitea, 900 enpresa txiki sortzea eta 300 gaztek hobekuntza profesionaleko ikastaroak jasotzea» espero dute, Pradalesen arabera.

Enpresei emango dieten laguntzari dagokionez, aldundiak praktiketako kontratuetako soldata gordinaren %30 ordainduko du. Eta, enpresetan gazteak kontratatzen laguntzeko, 5.000 euro arte eskainiko ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.