Bizkaiko aurrekontuak

Bizkaiko Aldundiaren aurrekontuak %2,6 haziko dira 2018an

“Trantsizioko aurrekontuak” direla esan du Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusiak, krisi garaiko eta hobeagoen arteko trantsiziokoak, hain zuzen.

Unai Rementeria ahaldun nagusia eta Jose Maria Iruarrizaga diputatua. MARISOL RAMIREZ, ARGAZKI PRESS
Lander Muñagorri Garmendia.
2017ko urriaren 27a
16:27
Entzun

7.813.207 euroko aurrekontua izango du Bizkaiko Foru Aldundiak 2018. urterako. Gaur bertan onartu du proiektua aldundiak, eta datorren asteartean Batzar Nagusietan tramiterako onartuko da bertan onartua izateko. Diru kopuru hori, ordea, ez da izango aldundiak bere kudeaketa propiorako erabiliko duena. Eusko Jaurlaritzari egin beharreko ekarpena, udalen finantzaketa eta Espainiari ordaindu beharreko kuota kenduta, 1.602 milioi euroko aurrekontua izango du kudeaketa propiorako, iaz baino %2,6 gehiago. Langileen gastuak eta zorra ordaintzeko jarritako diru kopurua kenduz gero, ordea, 1.193 milioi euro izango ditu eskura Unai Rementeriak gidatzen duen aldundiak, iaz baino %2,4 gehiago. 24 milioi gehiago izango ditu gastatzeko, eta nahi izanda ere ezin izango zuen gehiago eduki, azaldu duenez: “[Espainiako] Kongresuak gastu sabai bat onartu zuen, eta, horren arabera, gastua ezin da aurreko urteko aurrekontua baino %2,4 handiagoa izan; diru gehiago bilduta gastatzeko gehiago izango genukeela dioten horiek hori jakin beharko zuketen”.

Oposizioa egin diezaiekeen ahotsei aurre hartu nahi izan die horrela ahaldun nagusiak, eta datorren urteko aurrekontuak “trantsizioko” izendatu ditu. Krisi garaiko aurrekontuen eta hobeago batzuen arteko trantsiziokoak, hain zuzen. Eta bide horretan dagoela azaldu du Jose Maria Iruarrizaga Ogasun diputatuaren arabera. Izan ere, 2008an izan zuen Bizkaiko Foru Aldundiak inoizko aurrekontu handiena —7.873 milioi euro—, eta diputatuak azaldu du horietara inguratzen aritzeak erakusten duela “urteetan galdutako gastu ahalmena berreskuratzen” ari dela. Etorkizunera begira aurreikuspenak positiboak direla ere azaldu du Rementeriak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.