Bizkaiko Batzar Nagusiek gaur goizean 2013ko aparteko ordainsariak aurreratzea onartu dute EAJren eta PSE-EEren botoekin. Beste alderdiak abstenitu egin dira. Bizkaiko Aldundiko langileek ez dute Eguberrietakoa kobratuko aurten, eta horren ondorioz aurreratu dituzte datorrenekoak.
Jose Mari Aburtu Bizkaiko Aldundiko bozeramaileak esan du Eguberrietakoa kentzea dekretuz "inposatu" duela Espainiako Gobernuak. Iñaki Egaña PSE-EEko bozeramaileak esan du PPren neurria bidegabea dela. Bildu abstenitu egin da bozketan, baina Espainiako Gobernuaren neurria kritikatu du.
PPk esan du "ikuskizun negargarria" ari direla ematen EAJ eta PSE-EE. Gaineratu du egoera "larria" dela eta egoera honetan "mina ematen duten neurriak" onartu behar direla.