Ultraaktibitatearen urtebeteko muga zalantzan jarri dute berriro ere auzitegiek. EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak atzera bota du Bizkaiko Arte Grafikoen elkartean aurkeztutako erregutze errekurtsoa. Ondorioz,aurreko lan hitzarmenean adostutako baldintzak betetzen jarraitu beharko dute enpresek, berria adostu arte.
Elkarte horrek idatzi bat aurkeztu zuen iazko uztailaren 5ean negoziazio mahaian, esanez lan erreformaren eraginez hitzarmenak balioa galduko zuela handik bi egunera, Espainiako Gobernuak lan erreforma onartu eta urtebetera alegia. Horren eraginez, handik aurrera lan harremanak Espainiako hitzarmenak arautuko zituela zioen. Uztailaren 7tik aurrera enpresek ere gauza bera jartzen zuen jakinarazpenak igorri zizkieten langileei. Hala, auzitara jo zuten sindikatuek.
Urrian etorri zen lehen ebazpena. Bilboko lan arloko epaitegiak erabaki zuen Bizkaiko arte grafikoen hitzarmenak indarrean jarraitu behar zuela hurrengo ituna adostu arte. Erabakiaren aurka EAEko Justizia Auzitegi Nagusira jo zuten enpresen ordezkariek. Hark, ordea, berretsi egin du lan arloko epaitegiak esana. 2011ko abendukoa da sektoreko azken lan hitzarmena.
"Lar arloko araudi berriak ultraaktibitateaz esaten ez duena erakusten duen lehen adibidea da", adierazi du Euskadiko CCOOk. Nabarmendu du krisiak bereziki jo duela arte grafikoen sektorea. Halaber, gaineratu du enpresa askok utzi diotela hitzarmenak betetzeari iazko uztailaren 7tik.