Bizkaiko bulegoetako eta eraikinetako garbitzaileak ez dira iristen 900 euroko soldatara, eta, urteko osoko kopurua kontuan hartuz gero, oinarrizko soldata kale garbitzaileena baino 8.000 euro txikiagoa da. ELA sindikatuak grebara deitu du sektorean, eta mobilizazioetan emaniko datuak dira horiek. Egun, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako lan hitzarmen kolektiboak negoziatzen ari dira, eta bilera horietan eragiteko deitu zuten lanuzteetara hiru lurraldeetan.
«Ulertzen dugu kale garbiketan plus batzuk egotea lan ezberdina delako, baina, gainsari horiez gain, bulegoetako garbitzaileen eta kaleko garbitzaileen oinarrizko soldaten artean aldea handia dago. Hori ez dugu ulertzen, eta erratza pasatzea erratza pasatzea da», Alazne Lete Menendez ELAko sindikatuko ordezkariak horrela laburbildu du bulegoetako garbitzaileen eskaeraren muina. Salatu duenez, «ez da kasualitatea» bi hitzarmenen arteko eskasena izatea feminizaturiko sektore bati dagokiona. Azaldu du hainbatetan eskatu dutela parekatzea, baita erakunde publikoei ere, baina beste alde batera begiratu izan dutela: «Noizbait esan digute burutik jota gaudela, ea nola alderatu gaitezkeen kale garbitzaileekin».
Bilboko manifestazioetan emaniko azalpenak dira, Bizkaiko bulego garbitzaileen lan ituna delako kaskarrena. ELAren arabera, Gipuzkoakoek baino 3.000 euro gutxiago irabazten dituzte urtean: «Gipuzkoan, soldata arrakala amaitzea eskatzen dute, eta Bizkaian, oraingoz, Gipuzkoako hitzarmena berdintzea. Araban, berriz, banaketa ezberdina da; ordu gehiago sartzen dituzte guztira, eta soldata handiagoa da, baina ezin da estrapolatu. Dena den, prekarioa da hura ere», azaldu du Maite Leizegi ELAko kideak.
13.400 euro garbi
Bizkaiko bulego garbitzaileek, egungo hitzarmenaren arabera, 15.900 euro gordin irabazten dituzte urtean. Kopuru hori, zifra garbian, 13.400 euro inguru dira, eta, urtean hamabost ordainketa dituztela kontuan hartuta, 893 euroko soldata gelditzen zaie; betiere jardunaldi osoan daudenentzat, asko baitira lanaldi jardunaldi murriztuak dituztenak. «Bost orduko lanaldia izan eta bost tokitan lan egiten dutenak badaude», gaitzetsi du Leizegik.
Arazo horiei beste tankera bateko «iruzurrak» gehitu behar zaizkie: batetik, behin-behinekotasun tasa handia, «postu berean bi urte egin finkatu daitezen eragozteko», eta lan karga handiko uneen arazoa. Leizegik xehatu du azken hori: «Kontratu lehiaketak irabazteko, garbiketa enpresek eskaintza oso baxuak egiten dituzte, eta errentagarriago izateko ez dute ordezkapenik egiten».
Bizkaian, hilaren 22an izango dute hitzarmena berritzeko seigarren bilera. Lurraldean 12.000 langile inguru daude itun horren eraginaren menpe; %99 emakumeak. Aspel eta Aselbi elkarteek osatzen dute patronala; sindikatuak, berriz, lau plataformatan banatuta negoziatzen ari dira. Ordezkaritza sindikala honela banatzen da: ELAk, %38; UGTk, %25; CCOOk, %20; eta LABek, %11.