Zortzi bilkura egin dituzte ELA, LAB eta ESK sindikatuetako delegatuek Cebek Bizkaiko Enpresaburuen Konfederazioko ordezkariekin baina haietatik ez da aurrerapauso erabakigarririk lortu. Gauzak horrela, eta ostiralean bi aldeek Lan Harremanen Kontseiluaren bulegoetan berriz ere bilera dutela ikusita, Bizkaiko bulegoetako langilean manifestaziora deitu dituzten bihar arratsalderako Bilbon. Gatazka honek, gutxi gorabehera 25.000 langileri eragiten die.
Bizkaiko bulegoetako beharginen lan baldintzak ezartzen zituen azken herrialdeko hitzarmena 2012. urteko abenduan iraungi zen. Orduz geroztik, sindikatuen arabera, lau urteotan ez dira sektoreko soldatak berritu, ezta subrogazio eskubidea bermatu ere. Aurtengo martxoan abiatu ziren berriz herrialde mailako ituna adosteko negoziazioak. Baina Cebekek haiek "blokatuta" dituela uste dute ELAk, LABek eta ESKk, patronalak hitzarmenaren "funtsezko bi oinarri, gutxieneko bermea eta antzinatasuna, edukiz hustu eta ezabatu nahi dituelako".
Langileen ordezkarien arabera, herrialdeko hitzarmena are beharrezkoagoa da kontutan hartzen bada Bizkaiko zenbait bulegotan Aholkularitzetako eta Ingeniaritzetako Espainiako hitzarmenak aplikatzen hasi direla, "baldintza soziolaboral negargarriekin".