Bizkaiko Foru Aldundiak datorren urtean diru gehiago izango du eskura. Aurten joan den urtean aurreikusitako 6.919 milioilak biltzea espero du Jose Luis Bilbao ahaldun nagusiaren gobernu taldeak, eta 2015eko bilketarako ikuspegi positiboa dagoela adierazi du. Horrez gain, 2015a zerga erreforma osorik aplikatuko den lehen urtea izango da, eta horren eraginez 7.252 milioi euro biltzea aurreikusi du foru aldundiak. Hau da, joan den urtean baino %4,8 gehiago. Horietatik diputazioak 1.570 milioi euro izango ditu eskura.
Bilbaok aurrekontu legearen ildo nagusiak zeintzuk izango diren azaldu du gaur eguerdian. Batetik, gizarte zerbitzuak mantendu eta aldundiaren menpe dauden zerbitzu publikoei eustea. Bestetik, enplegua sustatu eta ekonomia indartzea. Eta, azkenik, herri lanen ildoan orain arteko ildoan jarraitzea. Ildo horretan, gizarte ekintzara bideratuko duten kopuruak %5,3 egin du gora, eta 490 milioi euro bideratuko dute. Herri lanetan ere %7,4 haziko da gastua: 329 milioi euro. Horiek izango dira aldundiaren gastu nagusienak. Azkenik, ekonomia sustatzeko 78,5 milioi euro bideratuko dituzte, aurten baino %1,8 gehiago. Aipatzekoa da, baita ere, lehendakaritza sailak izango duen %45,2ko igoera —35,5 milioi euro—. Bilbaok argitu nahi izan du datozen maiatzeko udal eta foru hauteskundeak antolatzeko egingo den gastua dela hazkunde horren arrazoietako bat. Horrekin batera, egoitza elektronikoa garatzeko bidean datorren urtean gastu gehigarri bat egingo dute, baina 2015a igaro eta gero sail horrek jasoko duen diru kopuruak behera egingo duela baieztatu du Unai Rementeria lehendakaritza saileko diputatuak.
Datorren urterako aurrekontuak gaur aurkeztu dituzte prentsaren aurrean, baina hemendik aurrera negoziazio epea zabalduko zaio. Bilbaok adierazi du alderdi guztiekin batzeko asmoa duela, baina horien artean “lehentasunezko solaskide bat” izango duela: PSE-EE. “Zerga erreforma ere eurekin adostu genuen, eta aurtengo aurrekontuak eurekin lortutako akordio batzuei esker atera ziren aurrera. Beraz, normala da haiek izatea lehentasunezko solaskideak”.