Haziz amaituko da 2017. urtea, Bizkaian bezala, baita Gipuzkoa eta Araban ere. Bilboko Merkataritza Ganberak egindako aurreikuspenen arabera, autonomia erkidegoko ekonomia %3 haziko da, eta Bizkaikoa, bezainbeste. Hurrengo urtean BPGak nolako bilakaera izango duen kalkulatu du ganberak, hiru lurraldeetako 850 enpresariri egindako inkesta baten bidez. Ekonomiak hazten jarraituko du, baina aurtengoa baino “zuhurragoa” izango da 2018a. %2,7 haziko da Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa BPGa, eta kalkulu bera egin dute Bizkairako ere. Goranzko joera horrek 7.000 lanpostu sortzeko balioko luke.
Jose Angel Corres ganberako presidentearen arabera, 2017. urtea “positiboa” izaten ari da, “krisia apurka lausotzen” ari delako. Eta, hurrengo urteak dinamismo gutxiago izango duen arren, “egonkorra” izateagatik bereiziko da. Mundu osoko hazkundea ere sinkronizatua izango dela aurreikusi du Corresek, eta ontzat jo du hori. Hala ere, tentsio geopolitikoek, klima aldaketak edo segurtasun arazoek “bere bidetik atera ahalko dute hazkundea”. Corresek nabarmendu du Kataluniako egoerak ere eragina izan dezakeela euskal ekonomian, baina ez zaio iruditzen hazkunderako arriskua izango denik. “Gaur-gaurkoz, ez du horrenbeste eragin”.
Ekonomiaren hazkundeak lanpostu gehiago sortuko ditu, baina horien kalitateak ere beste horrenbeste egin beharko duela aurreratu du ganberako presidenteak. Soldatek hazi beharko luketela esan du, baina ez du eskaera orokorturikegin nahi izan, “egoera bakoitza ezberdina delako eta kasu bakoitza aztertu behar delako”.