Ostiralean Espainiako Gobernuak (PP) iragarritako amnistia fiskalari kritika egin diete Bizkaiko (EAJ) eta Gipuzkoako (Bildu) foru aldundiek, Nafarroako Gobernua (UPN-PSN) zatituta dago eta Arabako Diputazioak (PP) oraindik ez du jarrera azaldu.
Gobernuak azaroaren 30era arte nahi adina diru beltz zuritzeko aukera emango die iruzurgile fiskalei. Trukean, legeztatu nahi duten ondasunen edo diruaren %10 ordaindu beharko diote zergapekoek Ogasunari. Neurriak ez die zuzenean eragingo Hego Euskal Herriko Ogasunei, eskumen propioak dituztelako.
Amnistia fiskala ”etikoki onartezina, politika defendaezina eta sozialki bidegabea” delako arbuiatu du Bizkaiko Aldundiak. ”Ez daitezela etorri beren kontzientziak %10eko merkealdiko prezioan zuritzera”, esan du Jose Luis Bilbao ahaldun nagusiak. "Dilema bat geneukan: printzipio etikoei eutsi ala kutxan diru gehiago sartu. Lehenengoa aukeratu dugu. Denak ez du balio”.
Helena Franco Gipuzkoako Ogasun diputatuak adierazi du ez dutela bat egiten Espainiako Gobernuaren neurriarekin. "Iruzurraren aurkako borroka zintzoa eta eraginkorra" egin behar dela esan du, eta horretarako herritar denek jakin behar dutela Ogasunak pertsona guztiak modu berean tratatzen dituela.
Nafarroako Gobernuan UPN neurria ”aztertzeko prest” agertu da, PSN aurka.
Arabako Batzar Nagusietan Nerea Galvezek (EB) galdera bat sartu du, Diputazioak amnistia fiskala ezarriko duen jakiteko asmoz.