Bizkaiko Foru Aldundiaren zorrak duen kalifikazioa murriztea erabaki du Standard & Poor's rating agentziak. Hortaz, lehen AA+ zena AA izango da orain. Aurrera begirako aurreikuspena egonkorra da, S&Pren arabera.
Aldaketa txikia da, Bizkaiak ez baitu AA maila galdu - AAAren ondoren dagoen kalifikaziorik handiena -, eta kalitatezko zorduna da oraindik ere. Hala ere, AA+ duten beste ekonomiek baino eskasago aritu da, eta horregatik jaistea erabaki du S&Pk.
Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroko Gobernuak A hirukoitza galdu zuten joan den apirilean, eta harrezkero AA+ kalifikazioa dute. Orduan Bizkaiko Aldundiaren zorraren kalitatea berrikuspenetik at utzi zuen agentziak. Maila galtzeak, edozein modutan, zorra jaulkitzerakoan erosleei interes gehiago ordaindu beharko zaiela aurreratzen du.
2008. eta 2009. urteetan kontu publikoen egoera nabarmen hondatu, eta tarte horretan zorra ia bikoiztu dela azpimarratu du Alejandro Casas berrikuspenaren egileak. Bilboko ingurabide berriek behar izan duen finantzaketa aipatzen du txostenak, esaterako. Jardueran izan den moteltzea ere aintzat hartu dute erabakia hartzerakoan.
Etorkizun fidagarria
Edonola ere, Bizkaiko Foru Aldundiak hurrengo urteetan kontu publikoak orekatzeko gai izango dela espero du, eta ekonomia «aberats, lehiakor eta esportatzailea» izatea txalotu du. Aurrera begira, aurreikuspena egonkorra da, baina finantza helburuak betetzen ez badira okertzeko aukera legoke. Hori bai, S&Pk argi utzi du Espainiako kalifikazioa berriro jaisten bada, erabaki horrek ez diola zertan Bizkaiaren egoerari kalte egin.
Bizkaiko Foru Aldundiaren zorrari kalifikazioa jaitsi dio S&Pk
2008an eta 2009an kontu publikoak nabarmen hondatu direla argudiatu du 'rating' agentziak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu