Bizkaiko golkoan dagoen antxoaren populazioa 85.000 tona inguru da. Hala jaso dute Aztiren Bioman 2014 txostenean. Kopuru hori iaz baino %58 handiagoa da. "Datuek erakusten dute antxoaren biomasa pixkanaka leheneratzen ari dela Bizkaiko golkoan", adierazi du Leandro Azkue Eusko Jaurlaritzako Arrantza zuzendariak.
Antxoek egunero jartzen duten arraba kopurua neurtzen dute Bioman txostenaren bidez, eta erreferentzia moduan erabiltzen du Itsasoa Esploratzeko Nazioarteko Batzordeak (ICES). Erakunde horri dagokio onartutako guztizko harrapaketa kopurua proposatzea, eta, Bioman txostenaz gain, Frantziako Ifremer institutuak egiten duen kanpaina akustikoa ere kontuan hartzen du.
Bost urtean debekatuta egon ostean, 2010ean baimendu zuten berriro antxoa harrapatzea. ICEMek zuhurtzia maila 33.000 tonatan duenez finkatua, ia ziur baimenduko da kostera datorren urtean ere. "Azken urteotan goranzko joera garbia izan da, eta horrek urrundu egiten gaitu bestelako egoeretatik", dio Azkuek.
Aurten, Gipuzkoako eta Bizkaiko flotak 12.500 tona lehorreratu ditu. Lonjan, batez beste, 0,91 euro eta 3,79 euro artean egin du kiloak.