«Erabateko geldialdi biologikoa» dauka asmo. Arrantza sailburu Gonzalo Saenz de Samaniegoren irudiko, «txantxa onartezina litzateke gure arrantzaleek lana uztea eta, aldi berean, Frantziako ontziak atzera arrantzan hastea ekainaren 1ean». Azti ikerketa zentroak egin berri duen azterketaren emaitzak jakinarazi zituen atzo. Ondorioa: «Muturreko neurrien premian dago antxoa».Jaurlaritza ez da jarrita geratu. Ikerlana igorri dio Europako Batzordeari, arrantza «kolpe batez» debekatu dezan. «Bestela urte asko igaro beharko dira antxoa pizteko». Hurrengo ostegunean biltzekoak ei dira Espainiako eta Frantziako gobernuak geldialdi biologikoaz aritzeko. Samaniegok, nolanahi ere, eskaera zehatzak egin dizkio Madrili: «Arcachongo Ituna ezabatu eta kuotak benetako arrain kopuruaren arabera finkatu behar ditu, antxoa desagertuko ez bada». «Gehiegizko ustiapenari ez ikusiarena egin dio Espainiak gaurdaino». Frantziarekin harrapaketa kuotak trukatzen jarraitu nahi du «kosta ahala kosta», eta «galbidera» eramaten ari da antxoa.
Antxoa kopurua, arrisku biomasaren azpitik
«Inoizko egoera latzena» sufritzen ari da, Aztiko buru Rogelio Pozoren hitzetan. Iragarri zuenez, «une honetan ezinezkoa da arrantzaren iraunkortasuna bermatzea».
Hogei urte dira Aztik Bizkaiko Golkoko antxoaren bilakaera ikertzen diharduela, eta sekula ez du halako hondamendirik ikusi: «Arrisku biomasaren (19.000 tona) azpitik dago arrain helduen kopurua».Are kezkagarriago: «Hiru aldiz arrautz gutxiago ernaldu dituzte eta %80 gutxitu dira arrain kumeak». Neurrigabeko arrantzari leporatu zion odolustea. «Urtero gehienez ere 5.000 tonako harrapaketak baimentzeko eskatu genion Bruselari. Alferrik, ordea». Aldi batez arrantzari uztea omen irtenbide bakarra: «Aurten antxoa gutxi hartu duten arren, bere hartan dirau arrisku biologikoak eta zentzuzkoa da arrantza debekatzea». Ikerketa berrietan oinarrituta, antxoak onera egin duela egiaztatu arte, behinik behin.Aztiko zuzendariarekin bat datoz kofradiak eta Jaurlaritza, Arrantza sailburuorde Luis Miguel Maciasek zehaztu zuenez. «Itsasotik bizi diren 8.500 familien etorkizuna dago jokoan». Samaniegok bezala, Espainiako Gobernuaren jarrera gaitzetsi zuen. «Suarekin jolasten ari da eta diruaren bidez konpondu nahi du dena». Garrantzitsuena antxoa suspertzea dela, baina arrantzaleei «berehala» kalte ordainak pagatu behar dizkietela nabarmendu zuen. Arrantzaleek, dena den, ez daude gustura eskainitakoarekin. «Kostera pikutara doa eta hileko 1.000 euro jasotzea huskeria hutsa da», Bizkaiko kofradien presidente Iñaki Zabaletak Berriari kontatu zionez.
«Denbora galdu nahian dabiltza Madril eta Paris»
Areago oraindik, arrantzaleak ziur daude Frantziako ontziak berriro kosterari ekingo diotela ekainaren 1ean: «Madrilek eta Parisek oraindik ez dute hitz egin arrantza debekatzearen gainean, eta denbora galdu nahiko dute ziurrenik».
Usteak uste, antxoaren iraupena bermatzeko planak eskatu dituzte kofradiek, Batasunak legez. «Ernaltze eta arrantza lekuak bereizi beharra dago». Deskarteak (harrapaketen %40) saihesteari premiazkoa deritzo, gainera. Harrapaketa tresna suntsikorrak debekatzeko exijitu, eta bere egin du arrantzalekuak ixteko eskaerarekin. Greenpeacek ere bai. «Gobernuek serio landu behar dute antxoa suspertzeko plan bat».Arrantza ministroa asteartean hartuko ditu kofradietako buruak. Asteazkenean, bestalde, Jaurlaritzak bilerara deitu ditu Kantauri aldeko autonomia erkidegoetako Arrantza sailburuak, krisialdiaz hausnartzeko.
-
Datua
160
Gipuzkoako eta Bizkaiko arrantzaleek 160 tona antxoa besterik ez dituzte harrapatu apiriletik hona. Aurreko urtetan kostera txarra jasan dutenean, ordea, 1.600 tonatik gora harrapatu izan dituzte beti ala beti. Are gehiago, Frantziako ontziek 347 tona antxoa hartu zituzten urtarriletik martxora bitartean. Iazko epe berdinean baino 200 tona gehiago. Eta ekainetik azarora, zazpi milioi tonara iritsi ziren iaz. Aurten ere udatik aurrera arrantzan hasten badira, itsasoa behin-betiko hustuko duten beldur da Azti. Ikerketa zentroko buru Rogelio Pozok ohartarazi du Frantziako arrantzaleek legez zegokiena baino 13o.000 tona antxoa gehiago harrapatu dituztela Arcachongo Ituna indarrean dagoenetik.