Ekonomia

Bizkaiko metalaren sektorean 2.500 lanpostu galduko direla aurreikusi du FVEMek

Sindikatu abertzaleek maiatzaren 30erako deitutako greba orokorrak negoziazio kolektiboaren egoera zailduko duela esan du patronalak.

Lander Muñagorri Garmendia.
2013ko apirilaren 25a
14:17
Entzun

2012 urtea “beltza” izan da Bizkaiko metalarentzat. FVEM patronala osatzen duten 951 enpresen artean 3.000 lanpostu galdu ziren, eta etorkizunerako “ikuspegi negatiboa” daukatela azpimarratu du Jose Luis Lopez patronaleko presidenteak. “Eskaerak jaisten ari dira, eta horrek ekoizpenerako ahalmena mugatzen du”. Gauzak horrela, urtea amaitzen denerako 2.500 lanpostu gal daitezkeela adierazi du gaur goizean. Eta orain arte bildu dituzten datuek joera hori erakusten dute. 2013ko lehen hiruhilabetean 419 kaleratze eman direla zehaztu baitu Lopezek.

Lanpostuak galtzen ari dira, eta lan baldintzek behera egiteko arriskua daukate. Izan ere, uztailaren 7a baino lehen patronalak eta sindikatuek probintzia mailako hitzarmen sektoriala adosten ez baldin bada —ordura arte daukate hitzarmena negoziatzeko epea, ultraaktibitatea egun horretan amaitzen baita—, langileen estatutuen biltzen diren balditzetara jo beharko dute Bizkaiko lantegiek. “Espainia mailako hitzarmen sektorialik ez dago”. Baina bi aldeek zaila daukate adostasun batera heltzea. Izan ere, sindikatuek lan erreformak biltzen dituen hainbat baldintza bertan behera uzteko eskatzen du: malgutasuna, edo hitzarmena ez betetzeko ahalmena, besteak beste. “Gure asoziatuek jarrera irmoa izatea eskatu digute”, dio. Hau da, lan erreformak esaten duena betetzea. “Ezin dugu legearen aurka joan”, esan du Lopezek.

Bi jarrerak mutur banatan egonda iritsi da greba orokorrerako deia. Ainhoa Etxaide LABeko idazkari orokorrak deialdia aurkeztu zuten egunean esan zuen negoziazio kolektiboaren egoera desblokeatzeko balioko zuela. Lopezek, ordea, ez du horrela ikusten. “Grebak ez du baliorik, eta gainera garai txarrean dator. Eta gainera, negoziazio kolektiboaren egoera kaltetzera dator”, esan du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.