Negoziazio kolektiboa

Bizkaiko metalean lanuzteei eutsiko diete sindikatuek

Patronalaren iritzian, ezinbestekoa da protestak bertan behera uztea lan hitzarmenaren negoziazioetan aurrera egiteko. Sindikatuek salatu dute FVEMek ez duela eskaintza berririk egin.

Sindikatuak astelehenean egindako mobilizazioa, Barakaldoko BECen. OSKAR MATXIN (FOKU)
jokin sagarzazu
2022ko ekainaren 15a
16:52
Entzun

FVEM Bizkaiko metalgintzaren patronalak sindikatuei eskatu die datozen asteetarako deitutako hiru greba egunak bertan behera uzteko, lan hitzarmenaren negoziazioan aurrera egin ahal izateko.

Patronalak eta sindikatuak proposamenak trukatu dituzte asteazkenean Lan Harremanen Kontseiluan, baina batzuek eta besteek ondorioztatu dute gaur-gaurkoz oso urriak direla akordiorako aukerak. Ekainaren 23 eta 30erako, eta uztailaren 1erako deitu dute lanuzteetara.

Sindikatuek aurrez aurreko bilera bat eskatu zioten patronalari, baina, salatu dutenez, sektoreko enpresen elkarteko ordezkaririk ez da bertaratu, eta igorritako dokumentuetan ez du «ezer berririk planteatu». Horiek hala, greba egunei eusten dietela azpimarratu dute, eta mobilizazioak «buru-belarri prestatzen» hasi direla ohartarazi.

FVEMen iritzian, berriz, «egungo egoeran» lanuzteak egitea «arduragabekeria» da. Patronalaren iritzian, agerikoa da sindikatuen artean «konfrontaziorako gogoa negoziaziorako gogoa baino handiagoa» dela.

FVEMek azpimarratu du «sektoreari egonkortasuna ekarriko dion hitzarmen berri bat» sinatzeko «borondatea eta interesa» duela, baina aitortu du akordiorako aukerak «oso urrun» daudela.

Balorazio bera egin dute sindikatuek. Patronalaren jarrera «arduragabea eta ulergaitza» dela diote, batez ere datorren astean lanuzteak hasiko direla kontuan hartuta. Eta hurrengo bilerara berak deitzeko eskatu diote, «zerbait berria eskaintzeko baldin badu».

Soldaten eguneratzea

Sindikatuek maiatzaren 16an aurkeztu zuten beren eskaerak biltzen dituen plataforma bateratua, eta FVEMek hamar egun geroago erantzun zuen. Soldataren eguneratzean dago puntu beroenetako bat: patronalak %2,75eko soldata igoera proposatu du 2022rako, %2,5ekoa 2023rako, eta %2koa 2024rako. Eskaintza horrek sutu egin ditu sindikatuak, benetako KPItik oso urrun dagoelako. Haien eskakizuna KPIa +%1 igotzea da.

Malgutasuna ere handitu nahi du patronalak, 160 orduraino. Sindikatuek ordu horiek mugatzea galdegin dute. Beste hainbat eskakizun ere aurkeztu dituzte. Besteak beste, antzinatasuna desizoztea, lanaldia murriztea indarraldiko urte bakoitzeko, jarduera guztietarako subrogazioa, eta aldi baterako laneko enpresen kontratuak hiru hilabetera mugatzea. Patronalak «ezezkoa» eman die proposamen horiei.

Duela hiru urte, lan ituna hamar greba egunen ostean adostu zuten bi aldeek, eta iaz arte egon zen indarrean. Bizkaian 49.712 langile daude metalgintzaren lan itunaren eraginaren menpe.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.