Bizkaiko metalgintza

Bizkaiko metaleko sindikatuek "eduki errealak" eskatu dizkiote FVEMi

Aste osoko lanuzteetako bigarren greba deialdiak atzo bezala %85eko erantzuna izan duela azaldu dute sindikatuek. Ertzaintzak hamalau pertsona identifikatu ditu edukiontziak gurutzatu eta horiei su emateagatik.

jarraia171886.jpg
Lander Muñagorri Garmendia.
2019ko urriaren 1a
15:58
Entzun

"Atzoko erantzun zabalak jarraipena dauka gaur; metaleko ekoizpena gelditu egin da gaur". Mikel Etxebarria ELAko arduradunak esan duenez, sektoreko langileek kontzientziatuta jarraitzen dute, eta mobilizatzen jarraitzen dute. Atzo bezala grebaren erantzuna %85ekoa izan dela azaldu du, eta patronalari dei egin dio: "Negoziazio mahaira eduki errealekin etor dadila, eta ez titularrekin". Hau da, sindikatuek egindako eskaeren aipamena egin beharrean, horiek garatu ahal izateko zer neurri proposatuko dituen azaldu dezatela eskatu diote patronalari. Zer egingo duten subrogazio eskubidea bete dadin, lan osasuna bermatzeko eta genero berdintasunean urratsak egiteko. ELA, CCOO, LAB eta UGT sindikatuek berretsi egin dute negoziatzeko borondatea daukatela, eta azaldu dute "edozein momentutan" joango direla negoziazio mahaira. Baina, haien ustez, une honetan FVEMek eman behar du pausoa, negoziazioa edukiz betez.

Maiatzean lau sindikatu nagusiek negoziazio mahaian proposamen bateratua aurkeztu zutenean hasi zen indartzen Bizkaiko metaleko gatazka. Ordura arte, sindikatu bakoitzak bere eskariak zituen, baina, ordutik, mobilizazioetan bat egin dute ESK, USO, CGT eta CNTrekin batera. Maiatzean eta ekainean bost lanuzte egin zituzten, eta aste honetan bost egunetan ekoizpena geratzeko deia egin dute zortzi sindikatuek. Atzo, Bilboko kaleak bete zituzten, eta, deitzaileen arabera, 15.000 pertsona batu ziren; gaur ere, milaka langile batu dira Zornotzako eta Erandioko mobilizazioetan.

Aste honetako bigarren greba, ordea, atzokoa baino gatazkatsuago hasi da. Goizean goiz, Ertzaintzak hamalau pertsona identifikatu ditu edukiontziak gurutzatu eta erretzeagatik. Hamalau horietatik bosna identifikatu dituzte Zornotzan eta Berrizen, eta bina Igorren eta Zamudioko parke teknologikoan. Abadiñon beste hogei pertsona inguru identifikatu dituzte ertzainek, enpresa bateko atarian kalte materialak eragiteagatik.

"Grebaren erabilera etikoa"

Bizkaiko metalgintzako bost eguneko greba deialdiko lehen egunean Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak egindako adierazpenek hautsak harrotu zituzten atzo. Haren arabera, sindikatuek borondate gutxi dute negoziazio mahaian akordio bat lortzeko. Langileen ordezkari denek arbuiatu zituzten adierazpen horiek, eta gaurko manifestazioetan ere kritika horretan sakondu zuten, "lehendakariak patronalaren diskurtsoa erosi duelako", Etxebarriaren hitzetan. LABek haren dimisioa ere eskatu zuen.

Hala ere, Josu Erkoreka Jaurlaritzako bozeramailearen hitzetan, lehendakariak atzo ez zuen "sakoneko posizio bat ezarri". Gobernu kontseiluaren ondoren egindako agerraldian azaldu duenez, Urkulluk ez zuen esan nork zuen arrazoia, eta ez zuen zalantzan jarri grebarako eskubidea. Baina maiatzean udazkenerako greba bat aurkeztu izanak sindikatuen borondatea zalantzan jartzen duela berretsi du berak ere. Areago, grebaren erabilera ortodoxo edo "etikoak" daudela esan du. Gobernu kontseiluan dauden sozialistek hitz horiek berresten dituzten galdetu zaionean, esan du "ez dutela aurkakotasunik adierazi".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.