Metalgintza

Bizkaiko metalgintzak leun zapaldu du galga 2019an

%1,1 igo da industria ekoizpen indizean, iaz aurreikusi zena baino gutxiago

Sidenorreko bi langile, burdin urtuareklin lanean. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU
Imanol Magro Eizmendi.
2020ko urtarrilaren 14a
12:19
Entzun

2019. urtea ez da izan Bizkaiko metalgintzan hasieran espero bezain ona. “Desazelerazio argia” egon da, Jose Luis Lopez Gil FVEM metalgintzako enpresen Bizkaiko federazioko buruaren ustez. Eten hori azken sei hilabetekoan gertatu da bereziki, eta, batez ere, Metalurgia eta produktu metalikoaren azpi sektorean. Azpi sektore horretan, baina, federazioko enpresen %60 daude. Hala ere, FVEMen arabera, enpresen irabaziak mantendu egin dira, edota “pixka bat” hobetu dira, beste azpisektore guztiek hobera egin dutelako. Lanpostu sormenari buruz, hura ere espero baino txikiagoa izan da, baina sortu dira. Uda hasieran 1.000 lanpostu berri zeuden sektorean, baina bigarren seihileko eten horrekin “500etik ez pasatzea” espero du Lopez Gilek. Iaz 1.500 inguru sortzea espero zutela esan zuten.

Bizkaiko metalgintzako sektorea %1,1 hazi da 2019an, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako ekonomia baino gutxiago. Sektoreko enpresen %36ak espero baino irabazi handiagoak lortu zituzten iaz, %29ak esperotakoaren inguruan eta %34an gutxiago. 2020ko lehen seihilekoan emaitza horien joera mantentzea espero du FVEMek, eta uda iristean hobera egingo duela egoerak. Oro har, enpresen %68k irabaziak espero dituzte 2020rako, eta %10k, galerak. “Datu hori 2019koa baino apalagoa da, iazko inkestan %15ek espero baitzituzten galerak”, zehaztu du federazioko buruak.

FVEMek bere afiliatuei zuzenduriko inkesta baten bitartez egiten ditu 2020rako aurreikuspenak, eta 251ek erantzun dute. Alde horretatik, enpresen %74k langile kopurua mantentzea espero dute, eta %13 dira lantaldea murriztea edo handitzea espero dutenak. Kontratazio horien %70 langile formakuntzan trebaturikoak izango dira. Inkestan, halaber, enpresei lehiakortasunari gehien eragiten dioten aldagaien inguruan galdetu diete enpresei, eta hiru hauek nabarmendu dituzte: langileen kostuak, kotizazioei dagozkienak bereziki; lanaldia eta haren araudia (malgutasuna, ordu estrak...) eta lehengaien kostua.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.