Bizkaiko metalgintzako patronalaren proposamen falta kritikatu du ELAk

Gaur goizean egin dute Bizkaiko metalgintza sektoreko hitzarmena negoziatzeko hirugarren bilera, eta patronalaren jarrera ez dela aldatu adierazi dute.

ELAko industria alorreko idazkari orde Luis Fernandezek eta idazkari nagusi Unai Martinezek eman dute hitzarmenen negoziazioen berri.
Asier Arrate Iruskieta.
2018ko martxoaren 27a
14:22
Entzun

Euskal Herriko industria alorrean lortutako akordioen inguruko balorazioan eman du metalgintza sektoreko hitzarmena negoziatzeko bileraren berri Unai Martinez ELAko industria federazioko idazkariak. Azaldu duenez, oraindik bileraren balorazioa egin behar dute, baina, prentsaurrekoan aurreratu du Bizkaiko metalgintza sektoreko patronalak ez duela “proposamen mamitsurik” paratu negoziazio mahaian. Hurrengo orduetan emango du ELAk gaurko bileraren balorazio ofiziala.

Martinezek adierazi du, sektoreak bizi duen egoeraren aurrean, patronalari aurre eginez soilik lortu daitekeela metalgintzako “akordio duin” bat: “Azken hamar urteotan asko ikasi dugu, eta gero eta argiago dugu langileok ez bagara antolatzen gure lan baldintzen alde, patronalak ez duela aldatuko bere jarrera”. Bizkaiko metalgintzako hitzarmena Euskal Herriko hitzaren nagusia da. 47.000 langile ari dira sektorean, eta azken hitzarmena 2011. urtean iraungi zen. Hitzarmen berria adosteko hurrengo bilera apirilaren 13an izango da.

Akordioak 20 enpresetan

Azken hilabetean Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako hogei enpresetan lan hitzarmenak sinatu dituztela jakinarazi dute sindikatuko eledunek. Azaldu dutenez, hitzarmen guztietan KPItik gorako soldata igoerak eta lan erreformaren aurkako blindajeak lortu dituzte. Horrez gain, ABLEen eta mutualitateen esku hartzea mugatu dutela nabarmendu dute. Martinezek adierazi du sektorean ekoizpenak eta etekinak “ugaltzen” ari direla, eta susperraldi hori baliatu nahi dutela “langileek galdutakoa berreskuratzeko”.

Industria eta eraikuntza sektoreko negoziazioak “biziak” ari direla izaten azaldu du Luis Fernandez federazioko idazkari ordeak, eta jakinarazi du une honetan 270 enpresatan ari direla hitzarmenak negoziatzen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.