Ekainaren 12an antolatu zuten lan hitzarmena adosteko azken bilera, eta bertan proposatu ziren zenbait neurriren aurkako protestarekin jarraitu du sindikatuak. "Bizkaiko metalgintzako patronalak egindako azken proposamenean, adierazi zuten langile bakoitzarentzat malgutasuna 250 ordutara luzatu nahi zutela", azaldu du Natale Landak, LABeko Bizkaiko metalgintzako mahai negoziatzaileko arduradunak. Proposamen horrek 4.391 lanposturen suntsiketa ekarriko duela azpimarratu dute, eta Eusko Jaurlaritzari ere dei zuzena egin diote. “Urkulluri galdegin nahi diogu ea bat datorren erabaki horrekin. Harro dio datorren urtean 5.000 lanpostu sortuko direla EAEn, baina, Bizkaiko metalgintzan, patronalak egindako proposamen honekin, ia 4.400 lanpostu suntsituko dira”.
Horrez gain, beste eskubide batzuk ere galduko direla gogoratu du LABek, lan istripuengatik jasotzen diren osagarriak eta soldata errealen 4. artikuluaren desagerpena. Lan hitzarmenaren negoziaziorako hurrengo bilera uztailaren 1ean izango da.