Gama ertaineko eta luxuzko ibilgailu berrien salerosketan iruzur egiten zuen sare antolatu bat atzeman du Bizkaiko Ogasunak. Sarea osatzen zuten kideek Bizkaian topatzen zituzten bezeroak, eta bitartekari lanak egiten zituzten Iparraldeko kontzesionarioetatik ibilgailuak erosteko. Gero, fakturak faltsutzen zituzten, salmentak Hegoaldean egin zirela esanez. Hala, BEZik ez zuten ordaintzen, eta benetan ordaindutakoa baino prezio txikiagoa aitortzen zutenez, matrikulazio zergan ere iruzur egiten zuten. Kasuak 267 herritarri eragin die, eta iruzurra 1,2 milioi eurotik gorakoa izan da.
Ibilgailuen erosleek ogasuneko ikuskatzaileei emandako azalpenen arabera, ez zuten iruzurraren berririk. Bitartekari zereginak egiten zituzten pertsona horiek gordetzen zituzten Iparraldeko kontzesionarioetako fakturak. Ibilgailua Bizkaian matrikulatzeko kudeaketak egin aurretik, fakturak kudeatzaile agentzia baten bitartez aldatzen zituzten, benetako fakturaren ordez, faktura faltsuak aurkeztuz.
Indarrean dagoen legediaren arabera, erosleek BEZaren likidazioa eta ordainketa Bizkaian egin behar zuten, Iparraldeko kontzesionarioek BEZik gabe saltzen baitzuten. Ibilgailuarenatrikulazioa egitean, ordea, inoiz ez zuten jatorrizko faktura aurkezten, existitzen ez diren Bizkaiko sozietateen fakturak baizik. Haietan agertzen zen prezioa benetan ordaindutakoa baino txikiagoa zen, matrikulazio zerga ere txikiagoa izan zedin. Erosleek existitzen ez diren enpresa horietan BEZa ordaintzen zuten itxurak egiten ziren, baina enpresek ez zuten BEZ faltsua ordaintzen.
Erosleak engainatu ahal izateko, salmenta prezio itxia eskaintzen zuten bitartekariek, gastu guztiak eta zergak prezio horren barruan zeudela ulertaraziz. Hau da, erosleek BEZa Bizkaian ordaindu behar zutela ezkutatzen zuten. Horregatik eskaintzen zituzten ibilgailuak merkeago.
2004tik 2011ra
Zergak ordaintzeko erantzukizuna erosleek eurek dutenez, Ogasunak jakinarazi du ibilgailuak eskuratu dituztenei ordaindu gabeko zergak ordaintzeko eskatzen ari dela. Berandu ordaintzeari dagozkion interesak eta bidezko administrazio-zehapenak ere pagatu beharko dituzte. Iruzurgileen aurkako salaketak aurrera egiten badu, erosleek dirua berreskuratzeko aukera izan dezakete.
Sareko kideei, berriz, delitu jarraitu bi egitea leporatu die Ogasunak: iruzurra eta agirien faltsutzea. Zazpi urtean aurkitu dituela aztarnak gaineratu du, 2004tik 2011ra, hain zuzen ere.
Bizkaiko Ogasunak 1,2 milioiko iruzurra atzeman du ibilgailuen salerosketan
Ipar Euskal Herriko kontzesionarioetatik ekarritako ibilgailuen fakturak faltsutzen zituen sare bat topatu du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu