Maiatzaren 2an hasiko da Bizkaiko errenta aitorpena egiteko epea, eta ekainaren 30era arte iraungo du. Gaur goizean aurkeztu du Jose Maria Iruarrizaga Ogasun eta Finantza diputatuak, eta egindako aurreikuspenen arabera PFEZaren 575.000 aitorpen aurkeztuko dira. Egiten diren errenta aitorpen horien %75ari itzultzea tokatuko zaio, eta gainerakoei ordaintzera. Itzultzea dagokienek, bataz beste, 1.014 euro jasoko dituzte ogasunetik, eta 1.697 euro ordaindu beharko dute hala dagokienei. Denetara, Bizkaiko Ogasunak 436 milioi euro itzuliko ditu errenta aitorpenaren kanpaina amaitzen denean, eta 246 milioi euro bilduko ditu. Egingo diren ia 600.000 errenta aitorpenetatik 350.000 Bizkaiko Foru Aldundiak eginda bidaliko ditu etxera, eta pertsona bakoitzak onartu egin beharko du ondoren egindako aitorpena egokia den ala ez. %90ak onartzen duela aurreratu du Iruarrizagak. Ondarearen gaineko zergari dagokionez, bestalde, bi milioi eurotik gorako ondasunak dituzten 6.900 pertsonek egin beharko dute aitorpena. Horren bidez, 63 milioi euro inguru biltzea aurreikusten du ogasunak.
Datorren hilaren hasieran abiatuko da Bizkaiko kanpaina, baina Gipuzkoakoa apirilaren 11n hasi eta ekainaren 25ean amaituko da. Bizkaiko Ogasunak bezala, Gipuzkoakoak ere 200.000 errenta aitorpen bidaliko ditu eginda.