Lan hitzarmen berria izango dute Bizkaiko ostalaritza sektoreko langileek. Ia lau urtean berritu gabe izan ostean, akordio bat lortu duteELAk, UGTk eta Bizkaiko Ostalaritza Elkarteak. 2008ko soldata taulekiko %8,5eko soldata igoera adostu dutela adierazi du Iñaki Oliden ELAko sektoreko arduradunak.
Haren arabera, 2009, 2010, 2011 eta 2012ko KPI errealaz gain, %1,2ko gorakada agindu die Ostalaritza Elkarteak. «Aurkako testuinguru sozioekonomiko honetan, patronalak KPIaren igoera ere proposatzen ez duenean, erosahalmena mantentzea bermatu dute langileek», gaineratu du Olidenek. Hain zuzen, Bizkaian 21.228 langile aritzen dira ostalaritzan. Akordioaren garrantzia nabarmendu du, 2008az geroztik beharginek jasandako kalte ekonomikoarengatik. «Ardura eta seriotasun handia eskatu dute negoziazioek, erosahalmena berreskuratzeari lehentasuna emanez».
Gipuzkoako metalean, urrun
Bizkaiko ostalaritzan ez bezala, akordioa urrun dago Gipuzkoako metalean. Atzo izan zen laugarren bilera. Enpresen etorkizuna eta enplegua bermatu ahal izateko, Adegik esan du ezinbestekoa dela soldatak izoztea eta lan kostuak kontrolpean edukitzea. Sindikatuek, berriz, negoziatzeko borondaterik ez izatea leporatu diote patronalari.
«Denbora pasatzen uztea nahi du Adegik, lan erreforma eta Espainiako metaleko lehen hitzarmena sinatu arte», esan du ELAk.Haren arabera, sindikatu guztiekerakutsi dute negoziatzeko borondatea, eta hasierako proposamenak aldatzeko ere prest agertu dira. «Jarrera baikor horri ez dio inolako kasurik egin». LABek ere gauza berbera esan du. «Adegiri galdetu diogu ea guk aldaketak eginez gero prest ote dagoen bere plataforma aldatzeko eta erantzuna honakoa izan da: 'Zuek egin aldaketak eta ikusiko da zer gertatzen den'». CCOOk eta UGTk «bake sozialaren» puntuan atzera egiteko eskatu diote patronalari. Negoziazioek iraun artean protestarik ez du nahi Adegik.
Bizkaiko ostalaritzako lan hitzarmena sinatu dute ELAk eta UGTk
ELAk nabarmendu du 2008tik galdutako erosahalmena berreskuratuko dutela langileek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu