"Pentsionistak aurrera" oihuen artean eman du Bizkaiko Pentsiodunen Elkarteak Bilboko Aste Nagusian egingo duen manifestazioaren berri: belaunaldien arteko mobilizazio bat izatea espero dute, eta pertsona oro deitu dute familiarekin eta lagunekin batera bildu eta pentsio duinak eskatzera.
Francisco Barbadillo eta Eguzkiñe Uriondok hartu dute hitza elkartearen izenean, eta ohartarazi dute ez dutela "atzera egingo" mugimenduak adostutako aldarrikapenak lortu arte. Horretaz gain, nabarmendu dute borroka ez dela hor bukatuko, eta beste mobilizazio bat egongo dela urriaren 1ean, hau da, nagusien egunean.
Zortzi hilabete daramatzate pentsiodunek astelehenero udaletxea mukuru bete eta pentsio duinen aldarria lau haizeetara zabaltzen. Horregatik, hauetan guztietan "kalera atera eta elkartasuna adieraziz pentsio duinen alde borrokatu diren guztiei eskerrak emateko" baliatu dute agerraldia. Asteleheneko manifestazioa "berezia" izango dela azpimarratu dute: "Gure aldarrikapenak zabaltzen jarraituko dugu, hori bai, giro berezian, konpartsekin eta kuadrillekin".
Elkarretaratzeen beroan sortu zen elkartea, eta, urratsak egin dituzten arren – 2024ra atzeratzea jasangarritasun faktorea, gutxieneko pentsioak %3 handitzea eta alargunen pentsioa igotzea–, asko falta da oraindik "denentzako pentsio duinak lortzeko". "Adabakiak" baino ez direla salatu, eta borrokan jarraitzeko asmoa berretsi dute.
Hauek dira haien aldarrikapenak: pentsio duinak eta publikoak bermatuko dituen sistema publikoa, KPIaren araberako igoera iraunkorra, gutxieneko pentsioa 1.080 eurokoa izatea, pentsioen erreformak indargabetzea, jasangarritasun faktorea deuseztatzea, erretiro aurreratuek zigorrik ez izatea, eta pentsio publikoak borondatezko gizarte aurreikuspeneko erakundeekin (BGAE) ordezkatzeko edo osatzeko saiakeren aurka egitea.