Gaurtik, abian da 2011ko ekitaldiari dagokion errenta aitorpena egiteko kanpaina Bizkaian. Zergadunen erdiek —350.000 lagunek— aitorpena etxean jasoko dute, eginda. Errenta aitortzen duten hamar herritarretatik zortzik dirua jasoko dute. Herritarrei 532 milioi euro inguru itzultzea eta haiengandik 176 milioi euro inguru jasotzea espero du Bizkaiko Ogasunak. 3.000 herritarren ondarearen gaineko zerga aitorpena ere egin beharko dute aurten. Horri esker 40 milioi euro biltzea espero du Ogasunak.
Kanpaina, berez, maiatzaren 2an abiatuko dutela eta ekainaren 29ra arte iraungo duela azaldu zuen atzo Jose Maria Iruarrizaga Ogasun diputatuak, baina gaurtik hasiko direla likidazio proposamenak herritarrei bidaltzen.
Gipuzkoako Ogasun Departamentua, berriz, hilaren 29an hasiko da herritarrei errenta aitorpenaren likidazio proposamena etxera bidaltzen. Apirilaren 17ra bitarte, 200.000 laguni iritsiko zaie. Gipuzkoak ere ondarearen gaineko zerga berriz indarrean jartzea erabaki zuen iaz, baina 2012ko aitorpenean izango du eragina aldaketak; datorren urtean, beraz.
Bizkaiko zergadunen erdiek etxean jasoko dute errenta aitorpena
532 milioi euro itzuli beharko dituela eta 176 milioi euro jasoko dituela aurreikusi du Bizkaiko Diputazioak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu