ZERGA IRUZURRA

Biztanleko 500 euroko zerga iruzurra atzeman dute Gipuzkoan

Gipuzkoako Ogasunak 357,7 milioi euroko zorra azaleratu du: iruzurraren erdia sozietateen gaineko zergan aurkitu du. Zorra kobratzeko irizpideak aldatu ditu, errealitatea "gardenago" islatzeko. Diruaren %70 berreskuratu du.

Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusia eta Jabier Larrañaga Ogasun diputatua. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS
Oihan Vitoria.
2016ko martxoaren 15a
08:30
Entzun

Gipuzkoako Ogasunak 357,7 milioi euroko zerga iruzurra atzeman zuen iaz, biztanleko 500 eurokoa batez beste: zorraren ia erdia (%46) sozietateen gaineko zergan topatu zuen; bosten bat (%25), BEZean; eta %21, PFEZ pertsona fisikoen errentaren gaineko zergan. Bereziki adierazgarria da lehenbizikoaren igoera, azken bost urteotan bikoiztu egin baita: 82.000 eurotik 162.000 eurora. Aldundiak "zail" ikusten du joera horri eustea. Gobernu kontseiluaren ostean eman dute zerga iruzurraren aurkako planaren emaitzen berri Ogasun eta Finantza diputatu Jabier Larrañagak eta Ogasuneko zuzendari Jokin Peronak; bihar eramango dituzte xehetasunak Batzar Nagusietara.

"Datu onak dira, txukunak, lanean jarraitzeko jarraibide bat", Larrañagaren hitzetan. Ogasunak 414,6 milioi euroko zerga iruzurra atzeman zuen 2014an, lurraldean inoiz azaleratutako zerga iruzurrik handiena. Halere, kopuru horrek ez duelakoan errealitatea "behar bezala" islatzen, irizpideak moldatzea erabaki du diputazioak. Irizpide berrien arabera, 2014an azaleratutako iruzurra (358,6 milioi euro) 2015ekoaren parekoa da ia: %0,2 txikiagoa.

Iruzurra kobratzeko eran dago aldea. "Lehen, kobratzeke zeuden zorrak azaleratutako iruzur gisa agertzen ziren ordaindu arte, baina hemendik aurrera kendu egingo ditugu, datuok hobeto isla dezaten errealitatea", azaldu du Larrañagak, eta Peronak erantsi: "Gauza bat da azaleratutako zorra, eta beste bat, zor hori kobratzeko egiten den kudeaketa. Garbiketa bat egin dugu, iruzurrak ez daitezen bi aldiz zenbatu".

Iruzurraren aurkako borroka "helburu estrategikotzat" jo du Ogasun diputatuak, eta nabarmendu du ahaleginek fruituak eman dituztela: orain arteko joerari eutsita, azaleratutako diruaren %70 berreskuratu dute batez beste. Kontzientziazio bidea ere jorratzen ari dira, Larrañagak ohartarazi duenez: "Oso garrantzitsua da honetan tematzea. Gizarte aurreratua izan nahi badugu, behar-beharrezkoa da horrelako jokaerak gaitzestea, zigortzea eta zilegitasuna kentzea".

Zordunen zerrenda, sarean

Gaur-gaurkoz, 613 lagun ari dira lanean Gipuzkoako Ogasunean. "Urtea oso ona izan da. Iruzurra azaleratzeko espiritua badago, baina hobetzeko gauzak ere bai; baliabide teknikoen eta giza baliabideen alorrean, bereziki". Aurrera begira, baliabideak eta lantaldea sendotzeko apustua egingo dutela iragarri du Larrañagak; apirilean aurkeztuko du zerga iruzurraren aurkako aurtengo plana.

Gipuzkoako Batzar Nagusiek, hain justu, zordun handien zerrenda argitaratzea onartu zuten iragan astean. Ez da iruzurgileen zerrenda, zordunena baizik: aldundiarekin milioi bateko zorra dutenen izena sarean egongo da ikusgai, hiru hilabetez, 2016ko bigarren seihilekotik aurrera. "Horietatik 60 iruzurgileak dira". Bizkaiak ere onetsi du zordunen zerrenda kaleratzea, han ere milioi bateko zorrak ordaindu ez dituztenekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.