Ekonomia

Boga Flysharing jaio da, enpresarien joan-etorriak errazteko euskal aire konpainia

Lan kontuengatik bidaiatzeko ohitura duten enpresariei begira sortu dute, eta hileroko tarifa finko bidez funtzionatuko du. Hondarribiko aireportua Madril eta Bartzelonakoarekin lotuko ditu urte amaierarako. 80 lagunen babesa behar dute proiektua martxan jartzeko.

Endika Sanchez, Marisol Garmendia eta Jon San Martin. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS
Oihan Vitoria.
2016ko ekainaren 1a
08:08
Entzun

Euskal Herriak tarifa finkoko aire konpainia berria du gaurtik: Boga Flysharing. Gipuzkoako Bazkundean aurkeztu dute, goizean, eta Yon San Martin donostiarrak sustatu du: "Aire konpainia bat baino gehiago gara: bezeroak sozietatearen parte izatea gustatuko litzaiguke". Konpainia berria urte amaierarako egongo da martxan. Hondarribia eta Madril arteko joan-etorriko bina hegaldirekin ekingo dio bideari. Goizean goiz eta arratsalde hasieran irtengo dira hegaldiak: Hondarribitik Madrilgo Cuatro Vientoseko aireportura, eta alderantziz. Sakelako telefonoetarako sortu duten aplikazio baten bidez egin ahalko dira erreserbak, hegazkina aireratu baino ordu erdi lehenago.

Lehenik, baina, enpresarien sostengua ezinbesteko du Bogak asmo hori posible izan dadin. Orotara, 80 erabiltzaile behar ditu egitasmoa bururaino eramateko. Gutxieneko langa hori gaindituta, lanean hasiko dira 2017. erdialderako hegaldiak Bartzelonako Prat aireportura ere irits daitezen. San Martinek jakinarazi du hasiak direla interesa eduki dezaketen enpresekin hartu-emanean, eta positiboa izaten ari dela haien jarrera. "Begi onez hartu dute, baina animatzea falta zaie orain, pausoa ematea".

Txartelak partekatzeko aukera

Erabiltzaileek 1.500 euro jarri beharko dituzte fiantza moduan eta, behin Boga komunitatearen parte izanda, 2.500 euroko kuota ordaindu hilero-hilero. Asteburutako tarifa, berriz, 1.250 eurokoa izango da. "Prezio lehiakorrak dira hilabetean gutxienez bost aldiz bidaiatzeko ohitura duen jendearentzat". Bono horiek badute berezitasun bat: ez direla pertsonalak izango. Erabiltzaileak lau lagunekin partekatu ahalko ditu hilero. "Langile edo lankide batekin, senitarteko batekin...". Hori bai, ekainaren 15a baino lehen Bogan izena ematen dutenek ez dute inolako mugarik edukiko: "Lau lagun soilik ez, edonor baliatu ahalko da Bogaren abantailez". Bazkidetzak, gainera, ez du iraupen konpromisorik izango: noiznahi kendu ahalko da.

Bogak bi motordun BAE JETSTREAM 32 hegazkina erabiliko du oraingoz. "Hegazkin txikia eta erosoa". Hemeretzi bidaiari garraiotzeko tokia izango du, baina, eskaria handitzearekin batera, San Martinek ez du baztertu handiago bat eskuratzea. Bogako bidaiariek ilara luzeak saihestuko dituzte: "Bidaia eraginkorra eta ontziratzea ahalik eta bizkorrena izatea lehenetsi dugu".

"Sektorea irauliko du"

Bogaren sustatzaileak jakin badaki proiektu ausarta dela, baina argi du "onura esanguratsuak" ekarriko dituela, batik bat Gipuzkoaren berezitasunak eta Hondarribiko aireportuaren ezaugarriak kontuan hartuta. "Hegan egiteko modu berri bat ekarriko du, eta sektorea irauliko du: lan erreminta baliagarria izango da gure enpresarientzat eta hondar alea jarriko dugu lurraldeko ongizatearen alde".

Pozarren hartu du egitasmo berria Ortzibia kontseilu administrazioko presidenteorde eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasun diputatu Marisol Garmendiak: "Nola ez dugu bultzatuko Gipuzkoan sortzen diren proiektu berritzaile eta aitzindariak?". Garmendiaren hitzetan, izan ere, horixe da Bogari balio erantsia ematen diona. "Gipuzkoatik gipuzkoarrentzat sortua, aukera paregabea da enpresarientzat. Merezi du esfortzuak: Gipuzkoa mapan kokatuko du berriro, panoraman, eta komunikatzeko bideak erraztuko ditu". Diputatuak erantsi du Bogaren proiektuak "ezin hobeto" aprobetxatzen dituela Hondarribiko aireportuak eskaintzen dituen aukerak. "Eta, gainera, harreman enpresarial eta turistikoak bultzatuko ditu".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.