EKONOMIA

Bokazioa eta dedikazioa

"Aukeratzerik izango bazenu, nolako lanpostua nahi zenuke?", galdetu zien Eurobarometroak Europako Batasuneko 42.000 laguni. Hiru emakumetik bakarrak esan zuen negozio propioa izan nahi lukeela. Bide hori aukeratu dutenek diote denbora dela faltan gehien sumatzen dutena.

Miren Garate.
2014ko ekainaren 5a
19:57
Entzun

Traje jantzitako gizonek betetzen dituzte enpresetako ordezkarien topaketetako argazkiak. Ez da harritzekoa, mundu mailan zuzendaritza karguetan dauden lau lagunetik bakarra baita emakumea; bost kontseilari ordezkaritatik, bakarra da emakumea. Arlo horretan, koska bat aurrerago doaz gorabidean diren herrialdeak, portzentajeak are txikiagoak baitira ekonomia tradizionaletan.

Sozialki ez da bultzatu emakumeak botere karguetan egotea. Baina, inkesten arabera, gizonek ere ez dute bereziki amesten enpresen jabe izatearekin. Orain bi urteko Eurobarometroaren emaitzen arabera, Europako Batasuneko emakumeen %63k soldatapeko langile izateko aukera lehenesten dute, eta gizonen %53k ere bai. Erantzuna argudiatzeko, azaldu zuten halako lanpostuek segurtasun handiagoa ematen zietela eta ederra zela egun jakinean jakineko diru kopurua kobratzea.

Soilik hiru emakumetik batek esan zuen desioko lukeela negozio propioa izatea. Alabaina, hamarretik zazpirentzat, nahi izanda ere, bideraezina da bide propioari ekiteko aukera. Egungo testuinguru ekonomikoa ez da akuilurik egokiena; finantzaketa arazoak lituzkete gehienek, eta behar adinako prestakuntza falta eta negozioei buruzko ideiarik eza ere adierazi zuten. Gizonen %4k aipatu dute familiarekiko bateraezintasuna, eta emakumeen %8k.

Aukera hori egindako dozenatik gora emakumek emakume talentua azaleratzeko gakoei buruz hitz egingo dute bihar, Tolosan, WomanSarearen barnean, Bizziak antolatutako Ekinezz jardunaldietan.

Monica Carratala: «Ikasi behar da ezegonkortasun egoerarekin bizitzen, eta gozatzen»

Marketing digitalean eta 'socialmedia'-n espezialista. Irudigital agentzia interaktiboaren arduraduna da. Komunikazio offline kanpainetan hemezortzi urteko esperientzia dauka, eta estrategia digitaletan, beste bost urteko esperientzia.

«Badakit barraskilo baten moduan bizi naizela, urtean 365 egunean eta 24 orduan gainean eramaten baitut negozioa. Jakin egin behar da ezegonkortasunarekin bizitzen, are gehiago, ikasi horrekin gozatzen, bestela akabo. Arretaz aztertu behar dira merkatuak, bezeroak, eta etengabe berritzen eta ikasten jarraitu. Ekintzaile sena norbere izaeraren parte da; erralitate berriak topatzeko eta ekarpenak egiteko grinarekin lotzen dut. Nire kasuan, RTVEtik enpresen entrenatzaile izateko jauzia askatasun eta independentzia handiagoa lortzeko asmoz egin nuen. Uste dut bakoitzak maite duen lanean aritu behar duela. Pasio horrek ekartzen du indarra bidean agertzen diren oztopoei aurre egiteko, bai bizitzako hainbat arlotan agertzen diren oztopoei eta bai edozein sektore eta edozein adinetan agertzen direnei ere».

Marta Aburto: «Emakumeen ikusgarritasuna eta lan munduko errealitatea ez datoz bat»

3DOP enpresako bazkide sortzailea da, iaztik.Digitalizazioan, moldaketan eta 3D inpresioan aritzen da enpresa. Genero berdintasuna, kontserbazioa eta energia berriztagarriak sustatzen ditu enpresak.

«Emakumeen ekintzailetasuna ez da sustatzen. Bi adibide: Innova 2013 eta Naukas 2013. Egitasmo oso garrantzitsuak biak; bada, 31 gizonek eta bi emakumek bakarrik parte hartu zuten. Gizonen arrakasta ereduei bakarrik begiratzen zaie halako gertakizunetan. Arlo publikoan emakumeek duten ikusgarritasuna ez dator bat lan arloko errealitatearekin, eta ez dakit zenbateraino jabetzen garen ikusentizasun horrek dituen ondorioez. Julen Iturbe aholkulariak esaten du aukera berdintasuna ez dela arazo gizartearen zati handienarentzat. Eta horren aurrean ezer egitearen ondorioa ez da gauzek bere horretan jarraitzea, baizik eta gauzak okertzea. Erabat ados nago iritzi horrekin. Urte asko egin ditut langile autonomo bezala lanean, eta emakume izateagatik ahalegin handiagoa egin behar izan dut. Kontziliazioa da niretzat zailtasun handiena».

Gemma Zelaia: «Sarean sinesten dut; lan harremanak eraldatu behar ditugu»

Hezkuntza munduan aritutakoada, eta iazko urritik da Bizziako zuzendari sortzaile. Era guztietako egitasmoak antolatzen ditu enpresak. Woman Sarea proiektua sustatzen du, eta Ekinezz jardunaldiak antolatu ditu.

«Barruak hala eskatuta eman nuen jauzia, iaz. Ekintzaile beti izan naiz, baina arriskua nire gain hartzeko erabakia orduan hartu nuen. Lan finkoak eskaintzen zizkidan abantailak alde batera utzi nituen, soldata finkoa, oporrak. Ordutik, denbora asko eskaini diot Bizziari, baina fruituak ere jaso ditut: harreman berriak, ideia berriak, emakumeei laguntzeko produktu berri bat merkaturatzekotan nabil... Irabazteko asko dudala iruditzen zait. Dena den, egunerokotasunean traba ugari izaten dira; horietako bat, bakardadea. Horregatik, Bizziaren bidez espazio bat eraiki nahi dut, emakumeen talentua, energia eta gaitasunak bateratzeko. Sarean sinesten dut; lan harremanak eraldatu behar ditugu, elkar indartuz, ikusgarritasuna areagotuz. Ikusten dut asko dagoela egiteko, eta ekintzaile izatea balio erantsi bat dela ere bai».

Azucena Vega: «Gehiago eskatzen digute emakumeoi, eta perfekzionistegi bihurtzen gara»

'Coaching'-aren aitzindaria Euskal Herrian. Aurrez, hogei urtean ibili zen RTVEn zuzendari postuetan. Harena da Coaching Estrategico, enpresa entrenamenduan espezializatutako lehenengo bulegoa.

«Betidanik izan dut ekintzaile izateko grina; bokazioa baino gehiago, lan munduari ekiteko joera bat dela esango nuke. Esango nuke norbere izaeraren parte dela ekintzaile sena. Azken bospasei urteetan krisia izan da etsairik gogorrena; egunerokotasunean, berriz, denboraren kudeaketa. Astia izatea dastatu ezin den luxua da negozioa norbere kasa kudeatu behar denean. Eta emakume izateak astiari lotutako arazoak aregotu egiten dituelakoan nago, gizarteak gehiago eskatzen digulako eta perfekzionistegiak bihurtzen garelako. Estresa ere eragiten du asti faltak. Alaba txikia zenean, harekin egoteko nahi adina denbora ez izatea, hori izan da sakrifiziorik handiena. Uste dut irakaskuntzan asko indartu behar litzatekeela ekintzailetasunaren arloa; erakundeek apustu argia egin behar lukete, bereziki gazte eta emakumeei begira».

Teodora Bozheva: «Enpresek oraindik konfiantza gutxi dute ekintzaileokin»

Berriprocess enpresaren bidez, aholkularitza eta prestakuntza eskaintzen ditu. Softwarearen garapenean aritzen direnei eta IKT arloko enpresei laguntzen die eraginkortasuna eta errentagarritasuna handitzen.

«Gizarteak ikusi behar du ekintzaileok lan baliagarria egiten dugula. Niretzat arazo nagusia hori da: enpresek oraindik konfiantza gutxi dute ekintzaileokin, gutxi baloratzen dute gure lana. Ez dakit emakumeon kontua den, edo gizonei ere gertatzen zaien. Nire kasuan, bokazioaren eta egoera ekonomikoaren uztartze baten ondorioz egin nintzen ekintzaile. Lan egiten nuen enpresak utzi egin zion negozio aukera berriak bilatzeari, eta niretzat ezinbestekoa da pertsonek garatzen jarraitzea. Horregatik utzi nuen enpresa, eta buruan nituen ideiak lantzen hasi nintzen. Familiarekin egoteko denbora gutxi dut orain, baina tira. Nire negozioan ezagutzak garrantzi handia du, eta zereginak beste norbaiten esku uzteko pertsona egokia bilatzea zail izango nuke. Faltan sumatzen ditut Bizziak antolatu duen hau bezalako egitasmoak».

Caroline Phillips: «Beti zalantzan zeuden nire sinesgarritasun, ahalmen eta gaitasunak»

Iparraldean eta Frantzian lehenetakoa izan zen online denda bat jartzen. Phillips Internet Communication enpresaren sortzailea eta zuzendaria da. Aholkulari komertzial lanak egin eta abestu ere egiten du.

«Musikaz aparte euskal kulturarekin zerikusirik zuen zerbait egin nahi nuen, nire baitan banekielako musika baizik ez zela aski. Internet hasiera zen, eta euskal kultur ekoizkiak Internet bidez munduan zehar saltzen asmatu dut. 1996an hasi nintzen. Ez nekien ezer edo kasik ezer. Egunero eta gauero eginez eta eginez asko ikasi dut; Interneteko hizkuntza menperatzea gauza garrantzitsuena zela ohartu nintzen, eta bukatu dut webguneak asmatzen eta sortzen besteentzat. Bi arazo nagusi izan ditut: alde batetik, bezeroak kudeatzea, bilatzea, fidelizatzea...; bestetik, lankideak kudeatzea, lankide-nagusi harremanak, alegia. Bi kasuetan, uste dut emazte bat izateak zailago egiten duela gauza. Beti zalantzan zeuden nire sineskortasuna, ahalmena eta gaitasuna ere. Enpresaren emaitzei esker, ez da kasua gaur egun, zorionez. Konfiantza eman behar zaie emazteei, eta hezkuntza aldatu».

Pilar Kaltzada: «'Ekintzailetza' hitza esanguraz soiltzen ari garela iruditzen zait»

Komunikatzailea, aholkularia,kazetaria. Komunikazioan eta estrategian, marken garapenean eta identitate digitalean aditua. BERRIA Komunikazio Taldeko administrazio kontseiluko kidea ere bada iaztik.

«Kosta egiten zait hedatzen ari den ekintzaile prototipoaren barnean neure burua kokatzea. Ekintzailetza hitza esanguraz soiltzen ari garela iruditzen zait. Nire kasa lan egin dut, baita hirugarren kontura edota eredu mankomunatuak erabiliz ere. Guztietan 'nirea' den proiektua edo proiektu horren zati bat garatzen ahalegindu naiz, eta horietan guztietan sentitu naiz ekintzaile, hots, nire lanaren jabe. Norbere ardura izatea ardura da, baina askoz gehiago arriskatuko nukeen beste norbaiti eman izan banio ardura edota askatasun hori. Gaur egun sustatzen da ekintzailetasuna, inolako zalantzarik gabe gainera; ikusi besterik ez dago zenbat baliabide eskaintzen diren. Alabaina, emakumeen ikusgarritasun falta nabaria dago, emakume ekintzaileen eredu gutxi dago, eta apenas ikusten diren gizarteari iristen zaizkion mezu igorle nagusietan; hori arazo larria da».

Ines Nuñez de la Parte: «Erditu eta biharamunean hasten nintzen telefonoa erantzuten»

Indar Electriceko zerbitzu juridikoen arduraduna izandakoa eta Iusfinder abokatu bulegoan lan egindakoa. Egun, Ingeteam taldeko zerbitzu juridikoen zuzendari korporatiboa da.3.000 langile ditu enpresak.

«Zortzi urtean egun batean ere ez dut atseden hartu. Haurdunaldi onak izan ditut, azken egunera arte lan egin dut, haurdun egotea ez baita gaixo egotea. Erditu eta biharamunean hasten nintzen telefonoa erantzuten. Nire lanpostuan ez da posible lau hilabetean deskonektatzea, ezta lanaldia murriztea ere. Nire aukera izan da. Familiari nahi baino denbora gutxiago eskaintzen diot, baina eskaintzen diodana, kalitatezkoa. Sakrifizio handia da, baina alternatiba da dena utzi eta jasotako heziketari eta neure potentzialtasunari etekinik ez ateratzea; hori ez da aukera bat niretzat. Halakoxe izaera dut: ez nuke nahi baloratzen ez den edo soldata apala duen postu bat izatea. Lanpostu gogorra dut, intelektualki eta fisikikoki, baina gozatzen dut, egunero ditut gainditzeko erronkak. Egia da soldatapekoak izateko hezi gaituztela».

Maria Victoria Cañas: «Ekintzailetzak XX. mendean lortutako lan eskubideei uko egitea dakar»

Eltziegoko Bodega Diez Caballero-ko lehendakaria da.Hainbat sari eta errekonozimendu jaso ditu nazioarte mailan. Aktiboki parte hartzen du tokiko nahiz nazioarteko hainbat ekimenetan.

«Etxean beti egon da negozio giroa. Umetatik dut mahastizaintzari eta enologiari buruzko ezagutza ere. Jabetzan genuenari balio erantsia emateko modua ikusi nuen ekintzaile eginda. 37 urte nituen, eta seme-alabak negozioari ekiteko adin errazean zeuden ordurako. Hori bai, ekintzaile egiten zarenean, argi izan behar duzu uko egiten diezula XX. mendean lortu diren lan eskubide guztiei. Enpresa bat izatea inorentzat ez da erraza, eta emakume izateak ere ez du laguntzen, nahiz eta enpresa txikiak emakumeenak izan diren mende askotan. Finantzabidea lortzea zaila da gaur egun, burokrazia oztopo handiak daude, funtzionarioen ulermen borondatea ere erdipurdikoa da, eta enpresa txikiak babesteko mentalitatea falta da. Baina ez naiz damutzen hartutako bideaz. Erronkak gustatzen zaizkit, eta borrokalaria naiz».

Marti Buckley Kilpatrick: «Falta zen zerbait eskaintzeko aukera nuela ikusten nuen»

Idazlea, gozogilea eta 'Blank Palate' blogaren egilea. Basque Stage eta Belle Chevre proiektuetan parte hartu du, eta '@TheCookie_es'-en sortzailea da. Mundu osoko hainbat komunikabidetarako lan egiten du.

«Denbora asko eskaini diot negozioari, beste lanpostu batean akaso gehiago irabaziko nuke… baina saiatzen naiz gauza horietan ez pentsatzen. Falta zen zerbait eskaintzeko aukera nuela iruditzen zitzaidan, eta horregatik egin nintzen ekintzaile; berez, banuen beste lanpostu bat, baina utzi egin zuen. Zenbat eta gazteago izan, arazo gehiago ikusten dira, baina gazteen freskura eta ausardia ere abantaila dira. Nik neuk 'arlo aspergarriko' arazoak izan ditudala esaten dut, baimenak, paperak… baina gizona izan banintz ere izango nituzke halakoak. Laguntzak egon badaude, baina arauak beste garai batekoak dira, eta inori ez bazaio komeni horiek aldatzea, dauden bezala geratzen dira. Era berean, beharrezko ikusten ditut Bizzia sustatzen ari den moduko sare trinkoak».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.