Datorren hilaren lehenean hasiko da Euskaltel burtsan kotizatzen. Horren ondotik zuzendaritzako kideei emango dizkieten bonusak berriro ere enpresan inbertituko dituztela iragarri du gaur Euskaltelek berak, azken egunotan Eusko Jaurlaritzak eginiko eskaerarekin bat eginez. Burtsara irteteagatik 46 milioi euro inguruko irabaziak izango dituztela aurreikusten da.
Gaur arte, irabazi horien erdia berriro ere enpresan inbertitzeko konpromisoa zuten hartua Euskalteleko zuzendaritzako kideek. Euskaltelek jakinarazi duenez, Alberto Garcia Erauskin presidenteak hartu zuen lehenengoz irabazi guztiak enpresan inbertitzeko erabakia. Hark eskatu die zuzendaritzkao gainerako kideei gauza bera egiteko.
Euskaltelek nabarmendu du burtsara irteteko "beren ondare pertsonaletik" ekarpena egin dutela Euskalteleko zuzendaritzakoek.
Zuzendaritzaren ekarpen horri langileek jasoko dituzten akzioak gehituta —bi soldataren baliokidea— Euskaltelen kapitalaren %2 langileen esku geratuko dela nabarmendu du enpresak. Erabaki horrekin enpresak "Euskadirekin duen konpromisoa indartu" egiten dela esan dute.