Bosgarren dosierra Navalen

Enpresak esan du lan faltak eta Bruselak ontzigintzari zerga onurak kendu izanak «behartu» dutela erregulazioa aurkezteraBederatzi hilabeteko iraupena izango luke eta gehienez hilean 142 langileri eragingo lieke

2011ko urriaren 15a
00:00
Entzun
Naval ontziolak aldi batez lana erregulatzeko eskaera egin dio Eusko Jaurlaritzari, urte eta erdian egin dion bosgarrena. Orain arteko dosierrak lan faltagatik aurkeztu izan ditu; oraingoa, berriz, lan faltagatik eta Bruselak ontzigintza sektoreari zerga-pizgarriak kentzeagatik. Eusko Jaurlaritzak baimena ematera, erregulazio neurri berriak bederatzi hilabetez egongo lirateke indarrean, azaroaren 1etik 2012ko uztailaren 31ra arte eta hilabete bakoitzean gutxienez 30 langileri eta gehienez 142ri eragingo liekete.

CNN Construcciones Navales del Norte Sestaoko ontziolaren jabeak azaldu duenez, erregulazioa gorakorra izango da, hau da, hasieran 30 langileri eta hilabeteen joanean geroz eta gehiagori eragingo diela, 142ra iritsi arte. Azaldu du erregulazio eskaera berria «beharragatik» aurkeztu duela, lan karga nahikorik ez daukalako eta Europako Batzordeak tax lease deritzon sistema bertan behera utzi duelako. «Zerga onuren kontua konponduko balitz, erregulazioa indargabetu egingo genuke eta langileei lanera itzultzeko eskatuko genieke».

Tax lease deritzona Espainiako, Hego Euskal Herriko, Galiziako eta Kataluniako ontziolen mesederako Madrilek onartutako finantza tresna bat da. Zerga onurak eskaintzen dizkie ontzigintza sektoreko proiektu baten finantzaketan parte hartzen duten sektore guztiei eta eraikitzen dituzten itsasontziak hiru urte eta erdian amortizatzeko aukera ematen die. Horrela, ontziolek eskaintza lehiakorragoak egin ditzakete, Europako beste herrialdeetakoek baino %20 edo %25 merkeagoak.

Aurtengo udaberrian, ordea, Herbehereek sistema hori legezkoa ote zen ikertzeko eskatu zioten Bruselari. Hasieran, ikerketa dosier bat baino ez zuen zabaldu, baina berehala esan zuen laguntza horiek legearen kontrakoak zirela, eta ekainean debekatu egin zituen. Sekulako kolpea izan zen sektorearentzat, lehendik ere nahikoa zailtasun baitzuen.

Bat bukatzerako, bestea prest

Oraingoa kontuan hartuta, 2010eko apirilaz geroztik bost erregulazio dosier aurkeztu ditu Navalek: lau aldi baterakoak izan dira, baina bosgarrenarekin 148 langile joan ziren kalera. Gaur egun indarrean duten erregulazioa apirilean jarri zuen indarrean, Jan de Nul armadore belgikarrari Fall pipe itsasontzia egiteko eskaria jaso zuenean. Kontratu horrek 2013ra arte lana izatea ziurtatzen dio ontziolari, baina ez langile guztientzat. Horregatik, lantaldea moldatu behar izan zuela dio CNNk. 148 langile kaleratu egin zituen, eta «itsasontziaren eraikuntza azkartu arte», gainontzekoei lana erregulatzeko neurriak ezarri zizkien. Apiriletik urrira, hilero 80 eta 120 langile artean gelditu dira etxean. Dosier hori hilaren 31ra arte egongo da indarrean. Azaroaren 1ean, berriz, berria, atzo aurkeztutakoa jarri nahi du indarrean.

Langileek atzo goizean bertan jakin zuten enpresa erregulazio proposamena aurkeztekoa zela, eta Eusko Jaurlaritzari bilera eskatu zioten, ontziolarekiko zer asmo dituen jakin nahi dutelako. Duela hilabete batzuk, enpresaren zati bat erosteko prest zegoela ere esan zuen Jaurlaritzak, baina azkenean ez zuen erabaki urratsa egitea. Hilaren 20an batzartuko dira langileen ordezkariak Eusko Jaurlaritzakoekin.

CCOOk, berriz, gogor kritikatu du enpresaren jarrera. «Ez dakigu zer intentzio dituzten enpresaren arduradunek; hiru aldi baterako erregulazio, behin betiko bat eta orain hau. Zertan ari dira jolasten?», adierazi zuten. Langileen ordezkariak etzi bilduko dira lan erregulazioa eta hark sortu duen egoera aztertzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.