Lapurdikoa da proportziorik esanguratsuena. Alde handia ateratzen die gainerako herrialdeei, lau langiletik hiru baino gehiago (%76,7) zerbitzuetakoak baitira. Gaindegiak zabaldutako datuen arabera, Euskal Herrian zerbitzuek indar handiena duten bost udalerrien artean lau Lapurdiko kostaldekoak dira: Hendaia (%83,3), Miarritze (%82,9), Baiona hiriburua (%81,6) eta Angelu (%80,5), hain zuzen. Kostaldeko gainerako herrialdeetan bezala, turismoak eragin handia izan du zerbitzuen garapen indartsuan.Dena dela, aipatzekoa da Lapurdiko zerbitzuen garapen goiztiarra, 1991. urterako hamar langiletik zazpi jada zerbitzuetan aritzen zirelako. Garai horretan lana zutenen %53,1ek lan egiten zuten zerbitzuetan Euskal Herrian. %38,5ek, orain dela 30 urte.Bizkaia da batez bestetik gora dagoen beste herrialde bakarra. Lana dutenen %65,3 zerbitzuetan ditu. Garai bateko pisua arindu dio industriari, lanean ari direnen %33 biltzen baititu egun.
Gutxienak, Zuberoan
Zuberoa da langileen erdiak baino gehiago industrian (29,7) eta nekazaritzan (%21,5) dituen herrialde bakarra. Dena dela, Zuberoakoa da enplegatu gehien zerbitzuetan dituzten udalerrietako bosgarrena: Ozaraine-Erribareita (%81). Gainerako lau herrialdeak %60ren eta %50aren tartean dira.
Hiriburuetan eta ondoko herrietan biltzen dira hirugarren sektoreko jarduera gehienak, eta ondorioz, lana duten gehienak. Hego Euskal Herriko zazpi hiriburuen artean Baionakoa nagusi da bostetik lau baino gehiago. Donostian lautik hiru langile baino gehiagok jarduten dute zerbitzuetan, eta ia kopuru hori lortu dute Bilbok eta Donibane Garazik (%74,5 eta %74,8, hurrenez hurren). Iruñean lanean ari direnen %68,1ek lan egiten dute sektore horretan, hamarretik seik Gasteizen, eta %56,3k Maulen.Era berean, administrazioa, irakaskuntzako ziklo ertainak eta osasun zerbitzuak hiriburuetan bertan biltzeak hirugarren sektoreko langile gehiago izatea ekarri du. Egoera horretan dira Gasteiz eta Iruñea, batik bat. Bilbo da, ostera, euskal finantzen hiriburua. Merkataritza eta ostalaritza, berriz, oso sakabanatuta daude, baina saltoki handi gehienak hiriburuetatik gertu eraikitzen dira; ostalaritzan bezalaxe.
Europan baino apalago
Azpisektoreka, administrazioko langileak nagusi dira. Talde horretan sartzen dira administrazioa bera, irakaskuntza, osasuna, garraioa eta azpiegiturak, esaterako. Gauzak horrela, administrazioek hartzen dituzte langile gehien. Gaindegiak adibide zehatza jarri du: Nafarroan Hezkuntza Sailean langile gehiagok jarduten dute ia 6.000k herrialdeko enpresa pribatu handienean baino. Landabengo Volkswagenen 5.000 inguru, alegia.
%61,6ko zifra garrantzitsua den arren, apala da Europako Batasunarekin alderatuz gero 15eko Europa. %66,8 da EBko batez bestekoa, eta Euskal Herrikoa batez besteko txikienetakoa da. Izan ere, Euskal Herriaren proportzioaren azpitik Grezia (%60,5) eta Portugal (%52,6) daude soilik.Punta-puntan Luxenburgo dago, lautik hiru langile baino gehiagok zerbitzuetan jarduten baitute. Hamarretik zazpi langile baino gehiago dituzte hirugarren sektorean Herbehereek, Erresuma Batuak, Suediak, Belgikak eta Danimarkak.
-
TAMAINAREN ARABERA
Udalerri handien artean ere, Lapurdi nagusi
Zerbitzuak nagusi diren Euskal Herriko 25 udalerri handienen artean punta-puntan dira Lapurdiko hiru: Miarritze, Baiona eta Angelu. Getxo da laugarrena (%77) eta Donostia (%76,6) du atzetik. Arrasaten, Eibarren eta Laudion, berriz, zerbitzuetako enplegatu kopuru apalenak daude. Izan ere, industriako langile gehien dituzten zerrendan dago Arrasate (%39,2 zerbitzuetan); eta Eibarren (%49,2) eta Laudion (%50,4) industria tradizio handia dute.
Tamaina alde batera utzita, Euskal Herrian badira zerbitzuetan langile bakar bat bera ez duen udalerriak: Behorlegi (Nafarroa Beherea) eta Etxebarre (Zuberoa). Marañonen (Nafarroa) %9,1 baino ez dira, eta %12,5 eta %13,5, hurrenez hurren, Nafarroa Behereko Aintzilan eta Arhantsusin.