Bost urtebidea marrazten

Nora Arbelbide Lete.
2005eko maiatzaren 14a
00:00
Entzun
iziki zaila» izan dela onartzen du Jeronimo Prietok, baina bazekiten, «bide zaila izanen zela». «Dena egitekoa genuen. Asko ikasi dugu, eta oraino asko ikasten ari gara, guztiok bidea egin dugu, eta aktore gisa, oro har eragina badugu». LAB sindikatuaren Ipar Euskal Herriko adarrak bost urte betetzen dituela, egin bidea aztertu eta erronka berriak finkatu dituzte, baita bestarako denbora hartu ere. Igande honetan Makean dute hain zuzen hitzordua. Ezker paretan, 11:00etan zintzur bustitze batekin hasiko dira, bazkaldu eta 16:30ean dute ekitaldi politikoa.

Ondotik jitekoak diren hitzorduetan, hilaren 21eko Foru Soziala daukate, eta ekain bukaeran egoitzaren aldaketa. Berri Baiona Tipian geldituko dira. Bost urtean izandako haztearen seinale Prieto Komertzio saileko Prud'homme auzitegiko LABeko kontseilaria. Haste-hastetik argi zuten ez zutela bulego soil bat ireki nahi. Hedapena baitezpadakoa zitzaien. «Langileen defentsan aritzea, enpresetan sustraitzea alde batetik, lanbide heziketa, osasungintza, garraioak, lan merkatua... Eta bestetik, gure borroka sindikala proiektu sozio ekonomiko baten perspektiban kokatzea. Diagnostikoa egin eta alternatibak planteatzea, Euskal Herriaren eraikuntzaren barnean». Euskal Herri osoan hedatzen den sindikatu bakar gisa, alde horretatik badutela zerbait berezi deritzote. «Mugaz gaindiko harremanak ez dira soilik merkantziaren trukaketan. Instituzione prozesua sozialgintzan ere hedatu behar da». Gaur egun, hiru permanente dira Baionan lanean ari. 300 bat afiliatu dituzte, gehienak pribatuan. Sindikatuaren ezaugarrietako bat, sektore publikoa anitz zentralizatuagoa baita. Horrez gain, Prud'hommetan kontseilari bat ukan zuten, 2002an bozetan %9 lotu zutela. Bi langile defendatzaile ere badauzkate.

Beste sindikatuekez dute ongi ikusten

Bide juridikoa hain zuzen, bide berria dute ere. Han bertan ongi pasatu bazen, zenbait arazo sortu ziren. Sindikatuen instituzio formatzaileen administrazio kontseiluek ez zuten Prietoren trebakuntza segurtatu nahi, nahiz eta ondotik onartu. Funtsean ardura jartzen dizkiete Frantziako sindikatu nagusiek oztopoak. Azkena Mendekoste astelehenean gertatua.

Sindikatuek elkarrekin grebarako deia egin badute, LAB ez dute gomitatu, nahiz eta grebara deitu. Maiatzaren 1ean ere beti manifestazioaren buztanera bidaliak dira. «Bazterketa politikoa egiten dute. LAB kriminalizatzen dute. Bere gailurra itun antiterroristaren garaian ezagutu zuen. Parisko bost konfederazioei igorri zieten, eta horiek izenpetu. Itun hori gure kontra baliatzen dute batzuek». Horrez gain, beste sindikatu tipien patua bizi dute: «Frantziako Estatuak bakarrik bost konfederazio sindikal ditu ezagutzen: CFDT, CGT, FO, CFTC eta CGC. Gainerakoek beti gure zilegitasuna frogatu behar dugu. Nahiz eta, CFTCk emaitzak gureak baino apalagoak izan hemen, ahalmen gehiago ditu». Dena dela Parisko arduradunen jokaerak mugak dituela ziurtatzen du Prietok. «Egunerokotasunean langileak gai baitira horren gainditzeko, naturaltasun osoz». Hendaian adibidez, CGT eta LABk elkarrekin aritu ziren orain dela bi urteko mugimendu sozialetan.

Oro har aktore gisa eragina badutela sentitzen dute «Gauza xume batzuetan ere. Manifestazio intersindikaletan gero eta euskara gehiago ikusten da. Nahiz eta joera orokorra izan, gu izateak ekintza errealak egitera behartzen ditu besteak nonbait». CGTk maiatzaren 1ean esku-papera elebiduna egin zuen lehen adikotz, adibidez. Mugaz gaindiko harremanen gaia ere gero eta gehiago aipatzen da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.