Herenegun halako bi da Fagor Etxetresnak gaur: lan taldea, ekoizpena eta salmentak bikoiztu ditu, Frantzian liderra den Brandt enpresa erosita. Sektoreko bost konpainia ahaltsuenen artean dago. Ia 2.000 milioi euro fakturatuko ditu 2006an, 11.000 langile dauzka, eta ehun herrialdetara hedatzera doa, 16 lantegi eta 12 markaren bitartez. «Aro berri bati» ekin dio.
«Nazioartera begira jarri gara behin betiko», azaldu zuen Fagor Etxetresnetako zuzendari nagusi Pablo Mongelosek atzo, iazko emaitzei eta Brandti buruzko prentsaurrekoan. «Mugarri izango da enpresa horretaz jabetu izana». Tamainak «garrantzi handia» dauka nazioarteko merkatuan, eta globalizazioari neurria hartu nahi dio MCCko enpresak.Fagorrek 162,5 milioi eurotan erosi du Brandten %90 aurretik berea zuen %10. Kapital propioaz gain, MCCren baliabideak (pagatutakoaren %18) eta kanpoko kredituak (%55) erabili ditu erosketarako, eta astearteaz geroztik, lantegiak dauzka Europan, Asian eta Afrikan. «Linea zuriko multinazional bakarra gara Espainian». Urtero zazpi milioi etxetresna baino gehiago ekoitziko ditu talde jaio berriak, eta lanak hartuko ditu Fagorren eta Brandten arteko elkarlana pizteko. «Erronka zera da, etekinak orain halako hiru izatea laster». Fagorrek 16,8 milioi euro irabazi zituen iaz. Hurrengo hiru urteetan, gainera, 8.300 milioi euroren salmentak lortu gura ditu.
«Ez dugu lantegirik itxiko»
Ikerkuntza eta berrikuntzan inbertitzen segituko du, eta funtsezkoa deritzo kostuak gutxitzeari, baina ez lan baldintzen kontura: «Ez dugu lantegirik itxiko, eta ez gara hemendik joango. Espainian eta Frantzianaberastasuna eta enplegua eragin behar ditugu, aurrerantzean ere liderrak izateko».
Fagorrek «konpromiso argia» dauka gizartearekin eta, besteak beste, berrikuntzaren bitartez lehiatuko da Europa Ekialdean eta Asian merkeago ekoizten duten konpainiekin.Bestela ere, Fagorrek %3 inguru garestituko ditu etxetresnak aurten, Poloniara eramango du gama apaleko produktu batzuen ekoizpena, eta Txinako plataforma erabiliko du lehengaietan dirutza aurrezteko.
FAGOR ETXETRESNAK
Brandt erosita, tamaina bikoiztu du Fagorrek, nazioartera begira
Ia 2.000 milioi euro fakturatuko ditu 2006an, 11.000 langile dauzka orain, eta 100 herrialdetara hedatuko da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu