FAGOR

Brandt France eratzea baimendu du Nanterreko epaitegiak

FagorBrandten aktiboak erosteko Cevital, Variance eta S-20 enpresen egindako eskaintzak onartu dituzte, eta 1.341 lanpostu salbatuko ditu horrek.

xabier martin
2014ko apirilaren 15a
10:35
Entzun

Fagorren Frantziako adarrari osorik eutsiko zaiola berretsi du Nanterreko epaitegiak, Cevital, Variance eta S-20 enpresen eskaintzak baimenduta. 1.341 lanpostu salbatuko ditu Brandt France izena hartuko duen taldeak. Jarduera aste gutxian has daiteke Aizenay, Vendome, Orleans eta La Rocheko plantetan; Parisek 10 milioiko mailegua jarri du.

Fagor Etxetresnen porrota ez da espero zena bezain handia izango Frantziako adarrean. 1.800dik gorako enpleguen galera izan zitekeena 390 lanposturena izango da gutxi gorabehera. Cevital Aljeriako taldeak Variance Technologies eta S20 Industries Frantziako taldeekin akordioa egin izanaren ondorio zuzena da hori.

Frantzian, izan ere, aldagai guztiak egoki lerratu dira. Issad Rebraben konpainiak nahi ez zituen aktiboen truke eskaintzak egin behar zituzten Nanterreko epaitegian hala Variance Technologies nola S20 Industriesek, baina orain eskaintza bakarra egingo dute hiru taldeek, eskaintza oso bat adar osoa eskuratzeko, epaitegiak nahi zuen moduan. Horretarako atzeratu zuen likidazioa bosgarren aldiz joan den ostiralean.

Konpainien arteko ituna jakinarazteko eguna izan zen atzokoa, beraz, eta epaileen eguna izango da gaurkoa, FagorBrandt salbatzeko martxan jarritako bide orrian epaitegiak plan hori baimentzen duela jakinarazteko eguna. Cevitalen eskaintza hiru konpainien eskaintza bihurtu da, eta hura onartzearekin batera pentsatzekoa da jarduera aste gutxian abiatuko dela berriro Frantzian, markek (De Dietrich, Vedette, Sauter, Brandt eta Easycook) kalte handiagorik izan ez dezaten.

Albiste onak espero dituzte langileek eta politikariek Nanterretik, azken asteetan Madrilen eta Donostian Frantziako marken korapiloa askatzen buru-belarri ibili diren politikariek alegia. Pedro Malagon Donostiako epaileak aurreko ostiralean marken jabetzaren truke 25 milioi euro onartu izanak iturria ireki du, bistan da, eta emaria uste baino handiagoa suertatu da Frantzian.

Aizenay eta La Roche-Sur-Yon

Aizenay eta La Roche garbigailuak eta lehorgailuak ekoizteko plantek aurrera egiteko aukera dute atzodanik, beraz. Orleans eta Vendomeko lantegiak Cevitalek nahi zituenak dira, eta egosketa eta etxetresna txikien atalak bermatuta zeuden lehendik ere. Orain, berriz, Frantziako aktibo denak salbatzeko plana dago mahai gainean, nahiz eta lantoki guztiak salbatzeak ez duen ekarriko lanpostu guztiak salbatzea. Aizenayn 53 lanposturi eutsiko die Variance taldeak. S20 Industriesek, berriz, La Roche-Sur-Yonen eta Aizenayn bertan beste 170 lanposturi eutsiko diete, Nanterreko epaitegiak hiru eragileen arteko eskaintza ontzat jotzen badu, espero den moduan. Hala, 439 lanpostuetatik 220 salbatuko dituzte azken orduko akordio horri esker. Cevitalek aurreratua du 100 milioi euroko inbertsioa egingo duela Vendomen eta Orleanseko plantetan, baita Reuil bulego nagusietan eta Cergy zerbitzu teknikoen alorrean ere (Paris ingurua); guztira, 1.200 lanposturi eutsiko die Afrikako taldeak. Beraz, 1.420 langile ariko dira aurrerantzean Brandten, Fagor Etxetresnek 2005ean erosi zuen bera bezainbesteko konpainian.

SITL-eko berrogei enplegu, kolokan

Frantziako sindikatuak pozik dira Arrasatetik iritsitako lurrikararen ostean egonkortasun pixka bat berreskuratuko dutelako itxura batean, baina ez dute ahaztu SITL taldeko berrogei lanpostu kolokan daudela, Lyonen. Garbigailuak egiten ziren han FagorBrandtentzat, eta gaur-gaurkoz salbazio planetik at dago hura.

Horiek horrela, aurreko ostiralean Pedro Malagon Donostiako epaileak Frantziako marken truke 25 milioi euro onartu izanak bidea zabaldu du Frantzian jardueraren zatirik handienari eusteko. Euskal Herrian likidazioa aurrera doa, eta epaileak agindu du likidazio planaren berri ematea Fagor Etxetresnen webgunean eta epaitegien publizitate euskarrietan. Bi aste barru Malagonek likidazio plan hori onartuko du, xehetasun batzuekin edo administratzaileek aurkeztu bezala, eta eskaintzak jasotzeko fasea iritsiko da azkenean; aurrena Fagor Etxetresnak (FED) eta Edesa oso-osorik erosteko, eta ekoizpen lerro osoak erosteko ondoren, Etxetresna txikiak, Konfort atala eta Lerro zuria. Hura izango da benetako fasea Euskal Herriko lantegientzat. Frantzian bezala, Gipuzkoan eta Bizkaian plantak zabaltzeko aukera dagoen ikusiko da orduan; alegia, inbertitzaileak noraino heltzeko prest dauden.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.