Brasilen egunotan izan den Jaurlaritzako eta enpresetako ordezkaritzak bidaiari jarritako helburuak «gainditu» dira. Hala uste du, behintzat, Jon Goikolea Berrikuntza sailburuordeak. Egindako hartu-eman instituzional eta ekonomikoen bidez, gainera, etorkizunean negozio aukera berriak sortzea espero dute.
Hain zuzen ere, Sao Paulo estatuko buruzagiek interesa agertu dute zaborrak kudeatzeko, birziklatzeko eta hondakinekin energia sortzeko ereduei buruz. Datozen hilabeteotan Saneamendu arduradun paulistek EAE bisitatuko dute, besteak beste, Zabalgarbi ezagutzeko.
Garraio metropolitanoaren arloan Sao Paulok dituen beharrak asetzea izan liteke beste helburu bat. Honezkero, CAFek kontratu esanguratsuak ditu, eta beste enpresa batzuk ere hortaz baliatzea espero du Goikoleak, tren-industriako balio katearen beste atal batzuetan egon ahal izateko. Ontzigintzaren sektoreko euskal enpresek, bestalde, azoka batean parte hartuko dute, ordezkaritza propio batekin. Egunotan Rio de Janeiron aritu dira, Petrobras petrolio konpainia estatala hornitzen duten ontzioletan.
Confebask patronaleko lehendakariorde eta Aernovako presidente Iñaki Lopez Gandasegik Sao Paulon dauden azpiegitura proiektu publiko indartsuekin itxaropena agertu du. Edonola ere, Brasilgo eta Euskal Herriko enpresen artean kontratu berriak sinatzeko denbora beharko da. «Lehen aldiz etorri direnek ez dute eskaera zorroa beterik eramango, baina kontaktuak eginak dituzte». Jarduera horiek gauzatuko diren edo ez jakiteko arinegi da oraindik. Izan ere, Brasilen negozioak egin ahal izateko industriak herrialdean jarduera produktiboak izatea ia ezinbesteko baldintza da, eta erabaki horrek denbora eskatzen du.
Turismoa saldu
Txangoan egindako ekitaldi guztietan enpresaburu brasildarrek agertu duten «interes handia» eskertu zuen Goikoleak. Ikusmin horrek espero gabeko erreakzioak izan ditu. «Industria saltzera etorri gara, baina asko galdetu digute turismoari buruz», argitu du sailburuordeak. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa sustatzeko ekimen bereziren bat antolatzea ez dute baztertzen. «Luxuzko» turismoa bultzatzea helburu nagusia litzateke, diru sarrera handiak dituen populazioaren sektoreari begira egindakoa.
Brasilen negozio aukera berriak sortu direla uste du Eusko Jaurlaritzak
Sao Paulon «luxuzko turismoa» bultzatzeko kanpaina egiteko aukera aztertuko du gobernuak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu