Petrolioa

Brent upela, 45 dolarretik behera aurten lehen aldiz

LPEEren ekoizpen murrizketak ez du eragotzi petrolioa merkatzea.

jarraia136127.jpg
Jon Fernandez.
2017ko ekainaren 22a
09:17
Entzun

Gutxirako balio izan du LPEEren estrategiak, petrolioaren iturria ixtearenak. Saudi Arabia buru duen Lurralde Petrolio Esportatzaileen Erakundea ekoizpena txikitzen hasi zen urtarrilaren 1ean: lehen bi hilabeteetan, upelaren prezioa 50 dolarren bueltan egonkortzea lortu zuten, baina beheraka hasi zen martxoan. Orain, 2017an lehenengo aldiz, 45 dolarretik jaitsi da: 44,78 dolarrean zegoen atzo. Ekaina antzeko mailan amaitzen bada, azken hogei urteetan lehen seihilekoan izandako beheraldirik handiena izango da.

Merkatuan petrolio eskaintza handiegia dago, eta horrek eragin du prezioak jaistea. Beherakada handia 2014ko udan iritsi zen: hilabete gutxiren buruan, 120 dolarretik 40 dolarrera amildu zen. Harrezkero, ez da 60 dolarretik igo.

Azaroan erabaki zuen LPEEk ekoizpena murriztea, 2008tik lehenengo aldiz, karteleko kide ez diren beste hamar ekoizlerekin batera: besteak beste, Errusia eta Mexiko. Horrela, urtarriletik aurrera egunean 1,8 milioi upel gutxiago produzitu dituzte. Horren asmoa da eskaintza txikituz merkatua orekatzea, eta prezioak garestitzea. Baina, martxoaz geroztik, neurri horrek ez du funtzionatu, prezioak jaisten ari baitira. Nolanahi ere, joan den maiatzean berretsi egin zuten estrategia, eta erabaki zuten 2018ko martxora arte gehiago ez zabaltzea petrolioaren iturria.

Brenta Europan erabiltzen da erreferentzia moduan, baina ez da merkatzen ari den upel bakarra; West Texas upela ere (AEBetako erreferentzia) 42 dolarreraino merkatu da azken asteetan.

Arazoa, LPEEko herrialdeen ekoizpenean baino gehiago, AEBetan dago. 2014tik izandako merkatzeak, hasieran, kalte egin zion fracking-aren industriari, garestiegia zelako hain upel merkeekin ekoiztea. Baina teknologia fintzea eta produkzioa merkatzea eta handitzea lortu dute. Azken hamabi hilabeteetan, ia %10 handitu da eskisto petrolioaren ekoizpena, egunean 9,3 milioi upeleko produkziora ailegatuta. Aurrera begira, gainera, baliteke ekoizpenak gora egitea; besteak beste, Donald Trumpen politika energetikoak bultzatuta.

Hala, zalantzaz bete da LPEEren ekoizpen murrizketaren estrategiaren eraginkortasuna: upelak merkatzen jarraitzen du, AEBetako petrolio ustiapen alternatiboak indartzean, eta merkatu kuota galtzen ari da.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.