Bridgestonek CCOOrekin eta UGTrekin adostu du nola egin hurrengo erregulazioa

Ekaina bukatu bitarte, kontratua hogei bat egunez etengo diete Basauri eta Usansoloko 1.060 langileri

Erredakzioa
Bilbo
2012ko maiatzaren 3a
00:00
Entzun
Bridgestoneko zuzendaritza eta CCOO eta UGT sindikatuetako ordezkariak ados jarri dira aldi baterako hurrengo erregulazioaren baldintzen inguruan. Erregulazio horrek 1.600 langileri eragingo die, horietatik mila Basauriko lantegikoak eta 60 Galdakaoko Usansolo auzoko fabrikakoak. Gainontzekoak multinazionalak Kantabriako Puente San Miguel herrian (Espainia) duen lantegiko beharginak dira.

Bi hilabetez ezarriko dute hurrengo dosierra —maiatza eta ekaina—. Tarte horretan, erregulazioak eragindako Basauriko langileei kontratua 24 egunez etengo die enpresak, eta hogei egunez Usansolokoei. Erregulazioan egongo diren egunetan langabeziatik kobratuko dute saria. Jasoko duten zenbatekoa, ordea, soldata baino txikiagoa izango da. Horregatik, Usansoloko langileen kasuan, enpresak konpromisoa hartu du aldea pagatzeko eta soldata osoa adina jasoko dutela ziurtatzeko. Basauriko langileei, berriz, soldatako kontzeptu finkoen %100 jasoko dutela bermatuko die, baina ez kontzeptu aldakorren %100 jasoko dutenik.

ELAk, USOk eta BVk —enpresa barruko sindikatu bat— kritikatu egin dute akordioa. ELAren arabera, langileentzat akordio hobe bat egiten saiatu behar zuten.

Sindikatuetako ordezkariek eta zuzendaritzak pare bat aste zeramatzaten erregulazioaren baldintzak negoziatzen. Eta aukera bat baino gehiago aztertu dituzte. Hasiera batean, soldaten %70 bermatzeko asmoa zuen enpresak. Baina sindikatuen ezezkoaren aurrean, beste proposamen bat jarri zuen mahai gainean: kontratuak eten ordez, urte amaierara arte lanaldia eta soldata %15 jaistea.

Itxura denez, ordea, zuzendaritza eta langileen ordezkariak ez dira proposamen horretan sakontzeko gauza izan, eta, azkenean, kontratuak eteteko aukeraren alde egin dute.

Enpresak arrazoi ekonomikoak eta produktiboak aipatu ditu erregulazioa justifikatzeko. Eta ez da hori egiten duen lehendabiziko aldia, hilabete gutxian indarrean jarriko duen hirugarren dosierra baita. Otsailean, Eusko Jaurlaritzak baimena eman zion enpresari 900 langileri dosierra aplikatzeko. Otsailean, martxoan eta apirilean kontratuak 30 egunetan eteteko aukera eduki du. Iazko urte amaieran ere hamabost eguneko espedientea onartu zion, eta orduan ere langile kopuru berberari eragin zion. Bi aldietan soldata osoa ordaindu die erregulazio neurriek eragindako langileei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.