Europako Batzordeak AEBetako Apple konpainia ahaltsuan jarri du berriro jopuntua. Lehia arauak hausten ari ote den jakiteko ikerketa abiatu du, Suediako Spotify musika zerbitzariaren kexuak jaso eta gero. Apple Store aplikazioak eskaintzeko dendaren erabileran eta Apple Pay pagatzeko zerbitzuan inposatzen dituen baldintzak dira Europako lehia arauak hauts ditzaketenak. Lehiakideei ez lieke aukerarik utziko zerbitzu horien kontratazio baldintzak tarteko. Gainera, Apple Pay erabiltzen duten merkatariei eta bezeroei abusua egingo lieke sagar ospetsuaren etxeak.
2019an abiatu zuen ikerketa Lehia komisarioak, streaming musika-zerbitzari Spotifyk egindako oharraz gain, liburu eletronikoen alorrean aritzen den beste enpresa batek ere kasua igorri zion Batzordeari. Apple Music eta Apple Books zerbitzuekin lehiatzen da Apple alor horietan.
2018ko isuna
Ikusteko dago Brusela prest ote dagoen berriro Apple zigortzeko. 2018an isun historikoa jarri zion, zegozkion zergak ez pagatzeagatik, Irlandarekin egindako akordioa tarteko. Applek 14.300 milioi euro bueltatu zizkion Irlandako Gobernuari; 13.100 milioi eta beste 1.200 milioi interesetan, zerga hobariengatik ordaindu ez zituenak. Teknologiaren erraldoiak %1eko sozietate zerga pagatzen zuen Irlandan, %12,5ekoa ordaindu beharrean.
Kasua Europako Batasuneko justizia aztertzen ari da oraindik, Applek ez baitu amore eman, eta, nahiz eta Dublinekin ituna egin duen ordainketa egiteko, auzitara jo baitu Batzordearen erabakiaren aurka. «Ematen du Applek atezain rola jokatzen duela aplikazioak eta edukiak banatzeko Appleren erabiltzeen artean. Ziur jakin behar dugu Apple ez dela merkatuaren arauak urratzen ari, beste aplikazioekin lehiatzen denean», esan du Margrethe Vestager Lehia komisarioak, ohar baten bidez.