Azken erabakia abenduaren 17an eta 18an hartuko dute Europako Batasuneko Arrantza ministroek, baina lehenago egin ohi du arrantza kuoten banaketaren proposamena Europako Batzordeak, proposamen horren gainean eztabaidatzeko gero abenduan. Gaur goizean egin du publiko proposamena, eta bosgarren urtez, legatzaren kuota txikitu nahi du Europak hego stockean, hau da, Kantauri itsasoan. Iaz, esaterako, %12 txikitu zuen legatzaren kuota Kantauri itsasoan 2018rako, eta neurriak bereziki itsasontzi txikiak kaltetu zituen.
Zehazki, %14 murriztu nahi du legatzaren kuota Kantauriko uretan. Hala ere, ipar stocean arrain espezie horren arrantza kuota %23 handitzea proposatu du. Kantauri itsasoko murrizketak bezala, ipar stockeko igoerak ere badu garrantzia euskal arrantzaleentzat, ipar stoca osatzen baitute Bizkaiko golkoak eta Sole Handiak, eta bi-bietan egiten dute arrantza euskal itsasontziek.
Beste espeziei dagokienean, Europako Batzordeak murriztu egin nahi du itsas zapoaren kuota (-%7 Bizkaiko golkoan eta -%2 Sole Handian); zigalaren arrantza debekatuta mantendu nahi du Kantauriko uretan, eta debekatu egin nahi du platuxa Sole Handian.
Era berean, ipar stockean legatzaren kuota %23 handitzeko proposamenarekin batera, Bruselak zapoaren kuota %2 handitu nahi du iberiar urtean —Kantauri Itsasoan, Portugalgo uretan eta Cadizko golkoan—; bakailoarena %6 handitu nahi du Irlandako uretan; txitxarroarena %20 handitu nahi du Sole Handian, %18 Kantauri itsasoan eta %69 Cadizko golkoan; azkenik, oilarraren kuotaren maila ere igo nahi du iberiar uretan (%35) eta Bizkaiko golkoan (%40).
2019rako behin betiko kuotak, esan bezala, abenduaren 17-18an adostuko dituzte, eta gaurtik ordura bitarte, negoziazio betean sartuko dira EBko herrialdeak eta Europako Batzordea. Edonola ere, kuota banaketa edozein dela ere, argi dagoena da 2019ko urtarrilaren 1az gerotzik indarrean sartuko dela arrain bazterketen debekua. Debekatuta egongo da nahi ez diren arrainak ontzitik itsasora botatzea, eta 2019tik aurrera porturatu egin beharko dira arrain txikiegiak ere; hori bai, ezingo dira saldu giza kontsumorako.