Arrantza

Bruselak %36 txikitu nahi du legatz kuota Kantauriko uretan

Itsas zapoaren arrantza %54 handitzea proposatuko du EBk, eta antxoaren kupoa mantentzea.

Jon Fernandez.
2016ko urriaren 27a
14:52
Entzun

Proposamena baino ez da oraingoz, baina mehatxuaren tamainak etor daitekeen murrizketaren neurria ere handia izan daitekeela iragarri du. 2017rako arrantza kuoten banaketa proposamena egin du Bruselak, eta legatzaren kuota Kantauriko uretan %35,9 txikitea proposatu du. Murrizketa urtetik urtera ari da pilatzen, eta komeni da gogoratzea iaz zer gertatu zen: 2016rako legatz kuota %60 txikitzea proposatu zuen Europako Batzordeak iazko udazkenean, eta azkenean, negoziazioen ostean, %20 jaitsi zuen. 

Datorren urterako arrantza kuoten azken erabakia abenduaren 12ko eta 13ko bileretan hartuko dute, eta bitartean negoziazioetan murgilduko dira estatu kideak. 

Bruselak azterketa zientifikoetan oinarrituta egiten ditu proposamenak, eta arrantza jardueararen jasangarritasun maximoa lortzea du helburu. Azterketa horietan oinarrituta erabaki du itsas zapoaren arrantza kuota %54 igo daitekeela hego stockean. Kantauri itsasoa, Cadizko golkoa eta Portugalgo urak sartzen dira hego stockean. Ipar stockean, berriz, Sole Handia eta Bizkaiko Golkoa. 

Oilarraren arrantza ere mugatu nahi du Bruselak, %25,7 txikituz iberiar uretan, %28,2 Sole Handian eta %16 Frantziako kostaldean. Antxoari dagokionez, berriz, 2016ko kupoa mantentzea proposatu du, 22.500 tona. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.