Zergak

Bruselak atsegin du AEBek enpresentzat nahi duten gutxieneko zerga: %15

"Lehen urrats baten" gisan hartu du Batzordeak, Washingtonekin adostu nahi duen agertoki berria lortzeko bidean

Lisboako Eurotaldearen amaierako ekitaldia. MARIO CRUZ / EFE
xabier martin
2021eko maiatzaren 21a
16:39
Entzun

Donald Trumpek minaz bete zuen bidea garbitzeko lanekin aurrera doa Joe Bidenen administrazio berria, eta Europako Batasunarekin atzera kolaborazio estua izateko ezinbestekoa da OCDEn izozturik egon den zergen negoziazioan emaitzak lortzea. Bada, Washingtonek lehen proposamen bat egin du korporazioek gutxieneko sozietate zerga bat pagatu dezaten nazioarteko ekonomia indartsuenetan: %15.

Bruselak «aurrerapauso» gisa hartu du, garbi utzita musika hori atsegin duela; dantza luzea behar duen prozesuan, ordea, baleko lehen urratsa baizik ez dela ere aditzera eman du Europako Batzordeak. Izan ere, estatu bakoitzaren lehiakortasun fiskalarekin lotutako neurri horrez gain, erraldoi teknologikoen salmenten zergena da Bidenekin adostu beharreko gai beroena, Google tasa esan diotena. Esan beharrik ez dago: negoziazioaren bi habe horietan akordioak baleude aurten, oraindik argitzeko dagoen muga zergen auziak ere konpondurik beharko luke.

Batzordeko Ekonomia komisario Paolo Gentilonirentzat, «oso litekeena da» paktu bat lortzea G20aren barruan, betiere AEBek proposatutako %15eko gutxieneko zerga horri dagokionez. Baina, lortuko balitz ere, «lan asko» geratuko litzatekeela gogoratu du, Eurotaldearen bilera bukatu ondoren, Lisboan. AEBetako Altxorrak zehatu du korporazioei %15eko gutxieneko tasa ezartzeko proposamena abiapuntu bat baino ez dela, eta prest dagoela tasa hori handitzeko.

Veneziako goi bilera

AEBen proposamenari ongietorria egin dion lehen estatua Frantzia izan da, Google tasa ezarri zuen lehena. Parisek esan du posible ikusten duela gutxieneko sozietate zerga bat adostea mundu mailan, eta erraldoi digitalentzako gutxieneko tasa bat adostea ere bai, haien salmentak zergapetuz. Negozioa egiten duten herrialdeetan pagatzea da horren helburua, eta ez paradisu fiskaletan, Irlandarena esaterako.

Gauzak horrela, Washigntonek eta Bruselak begiz joa dute G20ko Finantza ministroek Venezian (Italia) egingo duten goi bilera, uztailaren 9an eta 10ean. Itun garrantzitsuak lortzeko agertokia izatea nahiko lukete.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.