Zergak

Bruselak BEZaren tasa murriztuak herrialdeka erabakitzea proposatu du

Jaitsiera baliatzeko aukera duten produktuen eta zerbitzuen zerrenda itxia ezabatu nahi du, eta posible egin nahi du kontsumo batzuei zero tasa ezartzea.

Pierre Moscovici Ekonomia gaietarako Europako komisarioa, gaur, BEZaren tasak arautzeko sistema egoitzeko proposamenaren aurkezpenean. OLIVIER HOSLET  EFE
Ivan Santamaria.
2018ko urtarrilaren 18a
13:09
Entzun

Europako Batzordeak astindu bat eman nahi dio BEZ balio erantsiaren gaineko zergaren araudiari. Funtsean, botere gehiago eman nahi die estatu kideei, erabakitzeko BEZaren tasak zenbatekoak izan behar duten eta zein produkturi eta zerbitzuri ezarri behar zaizkion. Pierre Moscovici Ekonomia gaietarako Europako komisarioak aurkeztu du proposamena gaur eguerdian, Bruselan.

Indarrean dagoen araudia 1992. urtean finkatu zen, kontsumoa zergapetzeko helburuarekin. Hiru ezaugarri nagusi ditu. Batetik, BEZarentzat tasa orokor bat ezarri behar da —gutxienez, %15—, eta herrialdeek aukera dute hortik beherako tasa murriztu bat edo bi arautzeko —gutxienez, %5ekoak—. Arrazoi historikoak medio, %5etik beherako tasa berezi batzuk onartuta daude. Bestetik, tasa murriztu horiek zertan ezar daitezkeen zehaztuta dago, hamazortzi puntu dituen zerrenda itxi eta labur baten bidez.

Orain arteko araudiaren logikari buelta eman nahi zaio. Tasa murriztuak non ezar daitezkeen finkatu ordez, non ezin daitezkeen erabili arautuko litzateke. Bruselak zerrenda bat atera du, adibide gisa. Tabakoari, alkoholari, finantza zerbitzuei, armei, metal preziatuei, etxetresnei, erregaiei, jokoari, kontsumo elektronikoari edo segapotoei soilik tasa orokorra edo handiago bat jarri beharko litzaieke. Hortik kanpo dauden produktuekin nola jokatu herrialde bakoitzak erabakiko luke.

Sistema berrian tasa murriztu gehiago jartzeko aukera legoke. Hala, gutxieneko tasa orokorrak %15 izaten jarraituko luke, eta aukera legoke %5 eta %15 bitarteko bi tasa murriztu finkatzeko. Beste bat jarri ahalko litzateke %0 eta %5 bitartean. Azkenik, produktu eta zerbitzu jakin batzuei %0 tasa ezartzeko aukera izango lkete herrialdeek. Hau da, BEZarik ordaindu behar ez izatea, kontsumo batzuetan.

Neurri horiek diru sarrera publikoetan izan ditzakeen ondorio kaltegarriak mugatzeko asmoz, muga bat ezarriko zaio. Estatu kide guztiek bermatu beharko dute BEZaren batez besteko tasa haztatua gutxienez %12koa izango dela.

Hego Euskal Herrian Espainiak ezartzen ditu BEZaren tasak. Hiru tasa daude. Tasa orokorra %21ekoa da, eta bi tasa murriztu daude: %10 eta %4. Ipar Euskal Herriari dagokionez, Frantziak arautzen du zerga, eta lau tasa ezberdin daude. Orokorra %20 da, eta murriztuak %10, %5,5 eta %2,1.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.